undefined

“Ez diogu inori begiratu behar, irabazi egin behar dugu”

“Ez diogu inori begiratu behar, irabazi egin behar dugu”

Gaizka Garitano itxaropentsu agertu da Leganesen aurkako partidaren atarikoan, non Europako aukeren zati bat jokoan izango den

Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak prentsaurreko telematikoa eskaini die komunikabideei San Mamesen Athletic Clubek eta Leganesek jokatuko duten partidaren aurretik (osteguna, 21: 00etan). Ligako 37. jardunaldian, neurketa garrantzitsua izango da talde zuri-gorriaren Europan sartzeko aukerei begira.

Derioko entrenatzaileak Europako postuengatik aurkari zuzenek (Getafe eta Real Sociedad) egiten dutenari gehiegi ez erreparatzearen garrantzia azpimarratu du: “Ez diogu inori begiratu behar. Beti pentsatu behar dugu besteek irabaziko dutela geure buruari gehiago exijitzeko. Irabaztea da geratzen zaigun aukera bakarra”.

Aurkariari dagokionez, honakoa esan zuen: “Leganes atzean antolatzen da eta hutsuneak aurkitu beharko ditugu. Guk partidaren erritmoa eramango dugula suposatzen da, baina haiek oso arriskutsuak dira. Bi taldeek irabazi nahi dugu, bakoitzak bere helburuetarako. Azken hiru jardunaldietan 7 puntu atera dituzte eta golik ez dute jaso”.

Garitanok talde indartsua ikusten du: “Hiru egunetik behin jokatuz gero, beti egon daitezke lesioak, baina lesio gutxien eduki dugunetakoak gara. Datu fisikoei dagokienez, kontrakoak garaitzen ari gara. Gauza polit batengatik jokatzen ari gara eta oso pozik gaude gaztetxoak egiten ari diren lanarekin”.