undefined

Lehoikumeen ametsa

Lehoikumeen ametsa

Bilbao Athleticek bihar hasiko du CD Badajozen aurka Bigarren Mailara igotzeko playoff azkarra. Oihan Sancet eta Vivian gaur sartuko dira espedizioan

Bilbao Athleticek lan saioa beteko du gaur Marbella Centerren, bart Malagako kuartel nagusira iritsi ostean. Joseba Etxeberriaren taldeak CD Badajozen aurka jokatuko du bihar (20:00etan) Algeciraseko Nuevo Miradorrean, Bigarren Mailara igotzeko playoff-etako lehen kanporaketan (1/4). Lehoikumeak hiru garaipenen bila arituko dira (finalerdiak, ostegunean; eta finala, ostiralean, partida bakarrera ere izango dira), eta zilarrezko mailara igotzeko aukera izango dute, 2015ean egindako azken igoeraren ostean.

Zuri-gorrien taldera gaur batuko dira Oihan Sancet eta Daniel Vivian eta, beraz, 22 jokalarik osatuko dute biharko partidarako behin betiko deialdia: Ezkieta, Sillero, Rojo, Murua, Vivian, Vencedor, Sancet, Tascon, Salado, Morcillo, Gorka Guruzeta, Iru, Baque, Luengo, Zarraga, Bernaola, Areso, García de Albeniz, San Bartolome, Urain, Artola eta Nico Serrano.

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) playoff honetan parte hartuko duten taldeen hainbat aurkezpen bideo egin ditu, tartean Bilbao Athletici eskainitakoa, besteak beste, Joseba Etxebarria teknikariak eta Jon Sillero kapitainak egindako adierazpenekin.