undefined

Beñat Etxebarriaren agur-gutuna

Beñat Etxebarriaren agur-gutuna

Igorreko jokalaria horrela zuzendu zaio familia zuri-gorri osoari

ATHLETIC, ZU ZARA NAGUSIA

Heldu da unea; egungo egoerak Athleticeri agur esatera behartzen nauen momentua. Sentimendu kontrajarriak daukazan agurra: alde batetik poza, bakarra dan klub bateko kide izateko ohorea izateagatik. Bertan dagozan pertsonak dira klub horretako gauzarik baliotsuenak eta beti eroango dodaz nire bihotzean. Nostalgia eta tristura be sentitzen dodaz, agur esan behar dodalako eta, batez be, bizi izandako guztia gogoratu eta eskerrak emon behar dodazalako.

ESKERRIK ASKO entrenatzaile eta teknikari guztiei erakutsi deustazuen guztiagaitik; zuengandik, guztiengandik ikasi dot.

ESKERRIK ASKO mediku zerbitzuari, une guztietan erakutsi deustielako beraien prestasuna, profesionaltasuna eta egiten duten lan bikainak daukan erantzukizuna.

ESKERRIK ASKO Lezaman lan egiten daben guztiei, hedabideetatik urrun, Athleticen egunerokoa hain magikoa eta errepikaezina izan daiten. Funtsezkoak zarie danok, klub honek bikain funtzionatu daian eta hain berezia izan daiten.

ESKERRIK ASKO hamaika urte besterik ez naukazanean nigan konfiantza izan ebenei eta 2013an Athleticera itzultzea posible egin eben guztiei.

ESKERRIK ASKO zaletuei, Athleticek beti jokatzen dabelako jokalari bat gehiagogaz San Mamesen edo jokatzen dauan lekuan beraiei esker.

ESKERRIK ASKO aldagelan izan dodazan taldekide eta lagun guztiei. Eguneroko bizitzan faltan botako zaituet, baina badakit hemendik eta bizitza osorako lagunak eroaten dodazala. Argi daukat nire oparirik onena zariela.

ESKERRIK ASKO familia eta lagunei, momentu onenetan lagundu deustienak, baina baita une txarretan be.

ESKERRIK ASKO Beñat Etxebarria Lagun Taldeari eta Peña Athletic Baiona Beñateri, eurengandik jasotako laguntzagatik.

Athleticen sartu nintzenetik nire onena emoten saiatu naz kamiseta hau jantzi dodan bakoitzean, batzuetan maila onean eta beste batzuetan ez hainbeste. Beti gura izan dot taldearen interesak lehenetsi eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu naz. Barkamena eskatzen dot inoiz horrela izan ez bada, ez dalako nire asmoa izan.

Hemendik aurrera futbolean jokatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, nire pasinoa dalako. Bazkide eta zale moduan Athleticez gozatzen jarraituko dot eta nagoan tokitik jarraituko zaituet.

ESKERRIK ASKO DANORI
Aupa Athletic!