undefined

“Denboraldi ona izan da, baina irregularra”

“Denboraldi ona izan da, baina irregularra”

Athleticeko kirol zuzendariak, Rafa Alkortak, “Taldeak ligan izan dituen gorabeherak” aztertu ditu, baina lortutakoaren garrantzia azpimarratu du: “Kopako final batean gaude eta hori oso garrantzitsua da”

Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendariak prentsaurrekoa eman du San Mameseko prentsa aretoan, amaitu berri den denboraldiaren balantzea egiteko. Alkortak kanpaina “ona, baina irregularra” izan dela azpimarratu du. “Hasiera oso ona izan genuen, baina gero Liga eta Kopako partidak tartekatu genituen aldi horretan puntu ugari galdu genituen. Eta konfinamenduaren ondoren, nahiz eta puntuen desabantaila izugarria izan, bi jardunalditan zazpigarren postuan izan ginen. Izugarrizko lanaren ondoren helburutik gertu geratu gara. Pena bat izan da“.

Athleticeko kirol zuzendariak titulu bat lortzeko lehian aritzeko aukera azpimarratu nahi izan du: “Egia da ligan gorabeherak izan ditugula, baina Kopako finala nabarmendu behar dugula uste dut, bertan Barça kanporatu eta kanporaketa oso gogorrak gainditu baititugu. Final horretan egotea merezi dugula uste dut, eta hara iritsita, denboraldi ona izan dela esango nuke, Kopako finalarekin eta Europako borrokan bukaerara arte egonda“.

Hurrengo denboraldiari begira, Alkortak klubaren helburuak ezarri ditu – “Bosgarren, seigarren eta zazpigarren postuarengatik borrokatzea, aurten bezala, gure mailakoak diren eta bi urte hauetan pauso batera geratu garen taldeekin borrokatzea” – eta Lezamaren garrantzia azpimarratu du: “Beti gaude prest taldera jokalari berriak ekartzeko, baina gure indarra etxetik dator. Bilbao Athletic handi bat daukagu, Basconia handi bat, etorkizun handiko jokalariekin, eta etxera begira jarraitzen dugu, horrek ematen baitigu indarra. Gero eta zailagoa da jokalariak ekartzea“.

Alkortak aurreratu duenez, Sancet, Vivian eta Vencedorrez gain, Aresok, Morcillok eta Zarragak lehen taldearekin egingo dute denboraldi-aurrea, eta filial zuri-gorriaren lana goraipatu du: “Bilbao Athletic osoaren denboraldia ikusgarria izan da eta gozamena izan da jokatzen ikustea. Jokalari batzuk lehen taldeko proiektuak dira. Ez da erraza 2. B mailatik Lehen Mailara jauzi egitea, baina ziur gaude haiek eta beste taldekide batzuek poz handia emango digutela datozen urteetan“.