undefined

Eibar eta Bilbo artean

Eibar eta Bilbo artean

Igandean Ipuruan jokatuko den LaLigako partida dela eta, historian zehar Athletic Clubeko eta SD Eibarreko elastikoak jantzi dituzten futbolariak errepasatu ditugu

Igande honetan (14:00etan) Athletic Clubek Ipurua bisitatuko du Eibarren aurka LaLigako 3. jardunaldia jokatzeko. LaLigako Maila Nagusiaren historian armaginen eta lehoien arteko 7. partida izango da Eibarren, orain arteko balantzea lehoien aldeko 3 garaipen, 2 berdinketa eta porrot batekoa izanik. Gainera, Athleticek ez du Eibarren aurka galdu 2015-16 denboralditik (5 garaipen eta 4 berdinketa).

Lehen Mailan izandako norgehiagoken historia laburra izan arren (12 neurketa), bi taldeek iragan zurigorria eta armagina duten jokalarien zerrenda luzea partekatzen dute.

44 jokalarik jantzi dituzte bi taldeen elastikoak historian zehar. Zuri-gorrien egungo taldetik, hiru futbolari aritu dira aurretik Eibarren: Ander Capa, Yuri Berchiche eta Dani Garcia. Athleticera 2018-2019 denboraldian iritsi ziren, 2012-2013 denboraldian Eibarrekin Bigarren Mailara igo eta, urtebete geroago, Lehen Mailara igo ondoren, Gaizka Garitano aulkian zela. Egungo entrenatzaile zuri-gorriak Athleticen (1997) eta Eibarren ere jokatu zuen, 1998tik 2005era.

Egungo Athleticeko hiru jokalariez gain, Eneko Bovedak (2011-2015 Eibarren eta 2015-2019 Athleticen) eta Borja Ekizak (2011-2014 Athleticen eta 2014-2016 Eibarren) ere elastiko biak defendatu dituzte Lehen Mailan.

Gainera, Eibar zilarrezko mailan ibilbide luzea egin duen taldea izanik, 26 denboralditan, hainbat jokalari dira iragan zuri-gorria dutenak eta Bigarren Mailan zamarra armagina defendatu dutenak. Horietako batzuk dira Gorka Iraizoz, Gaizka Toquero, Aitor Ocio edo Tiko. Futbol profesionalean bi elastikoak jantzi dituzten jokalarien zerrenda honako hau da: Arriaga, Ricardo Arrien, David Asensio, Asier Garcia Fuentes, Cesar Caneda, Crescencio Cuéllar, Del Olmo, Del Val, EDU Alonso, Imanol Etxeberria, Jose Manuel Galdames, Gaizka Garitano, Goyo Soria, Aitor Huegun, Iñigo Velez, Luciano Iturrino, Jabo, Mikel Kortina, Jon Ander Lambea, Mario Bermejo, Jon Moya, Roberto Pampín, Pizo Gómez, Luis Prieto, Sarriegi, Solabarrieta, Suances eta Urko Vera.

Bi taldeetan arrastoa utzi duten jokalarien zerrenda osatzen dute: Isaac Aketxek -2009-2010 denboraldian Lehen Mailako partida bakar bat jokatu zuten Joaquin Caparrosen aginduetara, eta hurrengo bi denboraldietan Eibarren jokatu zuen 2.B mailan; José Luis Duquek -Athleticen bi denboraldi, 1942 eta 1944 artean, eta Eibarren Hirugarren Mailan jokatuz amaitu zuen bere ibilbidea-; Agustín Gisasolak (denboraldi bat Ipuruan, Hirugarren Mailan, Athleticen jokatu eta gero); Miguel Navarrok (hiru denboraldi lehoi gisa, 1968an Eibarrekin batera 3. mailan jokatu ondoren) eta Jose Landazabal ‘Lakatos’-ek, Jose Muguerzak eta Roberto Etxebarriak, 1910ean Eibarko lehen futbol taldean parte hartu zutenak, eta gerora 1940an Eibar Kirol Elkartea bihurtuko zena. Hirurek debuta egin zuten Athleticen.