undefined

Hiru derbi jarraian etxetik kanpo lehoientzat

Hiru derbi jarraian etxetik kanpo lehoientzat

Athleticek SD Eibar, Deportivo Alaves eta CA Osasunaren futbol zelaiak bisitatuko ditu Ligako etxetik kanpoko hurrengo hiru neurketetan

Athletic Clubek, Ligako hurrengo hiru irteeretan, denboraldi honetan etxetik kanpo izango dituen lau derbietatik hiruri egingo die aurre (apirilean egingo dio bisita Realari).

Lehoiek Ipuruan jokatuko dute igande honetan (14:00etan) SD Eibarren aurka. Aste arteko Cadizen aurkako jardunaldiaren ostean (osteguna, urriak 3, 19:00etan), talde zurigorria Gasteizera joango da urriaren 5-6ko asteburuan Deportivo Alavesen kontra Mendizorrotzan jokatuko duen 5. jardunaldian. Selekzioen etenaldiaren ondoren, etxean ekingo dio berriro lehiari Levanteren aurka eta urriaren 25eko asteburuan Iruñera joango da Ligako 7. jardunaldian CA Osasunaren aurka jokatzeko.

Aurrekariak

Igandean, Ipuruan, 2-2 berdindu zuten lehoiek Raul Garciaren penaltiari eta Asier Villalibrek zelairatu bezain laster sartutako golari esker. 2014-15 denboraldian talde armagina Lehen Mailara igo zenetik, Athleticek hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot bat lortu ditu Eibarren. Sei bisita horietatik hirutan bere atea hutsean utzi du.

Ligako 5. jardunaldiak Mendizorrotzara eramango du Athletic. Aurreko denboraldian, Alavesek 2-1eko emaitzarekin lortu zuen garaipena azken unean, baina Gasteizen ligan jokatu duten 15 partidetatik, 8 garaipen lortu ditu talde zurigorriak, 3 berdinketa eta 4 porrot.

7. jardunaldian, Athleticek Sadarren jokatuko du. Iruñera egindako azken bisitak oroitzapen onak dakarzkie zale zurigorriei. Zurigorriek 1-2 irabazi zioten talde gorritxoari Iñaki Williams eta Kenan Kodroren golekin. Sadarren lau garaipen jarraian lortu ditu Athleticek talde nafarrari egindako azken bisitetan. Sadarreko norgehiagoka historikoari dagokionez, lehoiek 17 garaipen lortu dituzte, 11 partida berdinketan bukatu dira eta beste 11 etxekoen garaipenarekin.