undefined

Emakumezkoen Athletic-Deportivo partida zaleekin jokatuko da

Emakumezkoen Athletic-Deportivo partida zaleekin jokatuko da

257 bazkidek neurketa ikusteko eskubidea izango dute, edukiera mugatua izanda. Nahi duten bazkideek, Bazkideen Txokoan izena eman beharko dute ostiralera arte, 9:00etan

Athletic Clubek Lezama irekiko du larunbat honetan, Athletic Clubeko bazkideek Primera Iberdrola Emakumezkoen Ligako lehen partida (16:00etan) ikusteko aukera izan dezaten. Osasun segurtasunagatik, zelaiaren edukiera 314 ikusleetara murriztuko da. Antolakuntza beharrak, harmailetan egon beharko diren ordezkoak eta prentsako langileak kenduta, 257 eserleku banatuko dira hiru tribunen artean. Zaleak 15:15etik aurrera sartu ahalko dira era mailakatuan (saritutako pertsona bakoitzari zein ordutan sartu eta zein tribunatan kokatuko beharko den jakinaraziko zaio). Ez da sarrerarik egongo publiko orokorrarentzat.

Partida ikusteko, bazkideek bihartik, osteguna, 10:00etatik aurrera, eta ostiraleko 9:00ak arte eman beharko dute izena, Bazkideen Txokoan. Izena eman duten bazkideek sarreren kopurua baino handiagoa izanez gero, zozketa bat egingo da, eta horren emaitza ostiral eguerdian argitaratuko da gure webgunean. Bazkide txartela besterenezina izango da ikusle guztiak identifikatuta edukitzeko eta kutsadurei buruzko miaketa errazteko.

Sarrera izango dutenek. Athletic Clubeko bazkide txartela eta NANa eraman beharko dituzte Lezamara. Zelaiaren sarreran tenperatura hartuko zaie, araudiaren arabera 37,5 gradutik beherakoa izan beharko dena, eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da. Nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea. Partida jokoan dagoen bitartean komunetara joateko bakarrik utzi ahal izango da eserlekua.

Zelaiaren edukiera murriztuta dagoenez, gure bazkideek bere izena eman dezatela eskatzen dugu baldin eta Lezamara ziurtasunez joango badira. Klubeko gainerako sarreren zozketetan bezala, azkenean euren sarrera erabiltzen ez dutenek zigor bat izango dute, eta horrek hurrengo zozketetan parte hartzea eragotziko die, izen-ematearen oinarrietan adierazten den bezala.

Zelaira sartzeko ateak betikoak izango dira, Emakumezkoen eta Bilbao Athleticen partiden berdinak. Klubak aparkaleku-plaza kopuru bat prestatuko du, iristen den ordenaren arabera, edukiera agortu arte, eta ez da ostalaritza-zerbitzurik egongo.

Zelaiaren hustea ere mailaz maila egingo da; nola egin behar den jakiteko posta elektronikoz jakinaraziko zaie bazkideei, eta neurketa amaitzean jakinaraziko zaie megafoniaz.

Klubak Txapelgorrien dispositibo berezi bat jarriko du bertaratzen direnei edozein unetan laguntzeko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko.