undefined

“Badakigu Athleticek zein toki bete behar duen”

“Badakigu Athleticek zein toki bete behar duen”

Gaizka Garitanok Mendizorrotzan Alavesen aurka neurketaren atarian aztertu du gaurkotasun zuri-gorria: “Nagusi gara, baina ez dugu asmatu azken metroetan. Berenguer golari begira ekarpenak egitera dator”

Athleticek Ligako laugarren partida jokatuko du bihar Alavesen aurka (14:00etan, Mendizorrotzan). Talde zuri-gorriaren emaitza onak lortzeko beharraz jabetuta, Garitanok konpromiso mezua zabaldu du: “Athleticen helburuak beti dira altuak. Badakigu porrot bakoitzak zer suposatzen duen eta badakigu taldeak non egon behar duen. Bere historiari, ibilbideari eta zaleei bestelako irudi bat zor diegu”.

Alex Berenguerren fitxaketaz galdetuta, entrenatzaileak honela baloratu du Torino FC taldetik datorren jokalaria: “Alex oso jokalari balioaniztuna da. Berdeguneko edozein postutan joka dezake, bi hegaletan, punta erdian edo aurrelari gisa. Golean eta asistentzian egiten du ekarpena. Oso ondo datorkigu taldea osatzeko”. Hain zuzen ere, Garitanok erasoko azken metroetan asmatu beharra azpimarratu du: “Kontrako zelaian asko jokatzen ari gara, baina golari begira zehaztea falta zaigu. Jokoak ez du gehiegi balio aukera argirik sortzen ez baduzu. Berenguer ondo dator horretarako, hegaletatik gola bilatzeko edo itxitako defentsak irekitzeko”.

Biharko aurkariari dagokionez, Alaves, Derioko entrenatzaileak bere fisikoa eta “goian duen bolbora” azpimarratu ditu. “Oso talde gogorra dira, jokalari altuak eta kontraeraso ona dute. Goian abiadura eta erremate ona dute ere. Guk ez dugu aukera askorik eskaintzen partidako, eta horrela mantendu beharko dugu bihar. Sortzen diguten apurra markagailura igotzea saihestea eta gure nagusitasuna gol bihurtzea, hortxe dago gakoa”.