undefined

Euskararen aldeko partida San Mamesen

Euskararen aldeko partida San Mamesen

Athletic Clubek eta Athletic Club Fundazioak Euskaraldiarekin bat egin eta euskararen aldeko hamaikakoa aurkeztu dute bideo berezi honetan

Athletic Clubek eta Athletic Club Fundazioak Euskaraldiarekin bat egin dute aurten ere, eta ekimena hasteko bi asteren faltan, klubeko langileez osatutako euskararen aldeko hamaikakoa aurkeztu du bideo berezi honetan.

Ikus-entzunezkoak San Mamesen jokatuko den euskararen aldeko partida baten aurreko uneak irudikatzen ditu, aurreko denboraldietan grabatutako irudiei esker egindako muntaia batean.

Athleticek euskararen aldeko neurketa bat bezala irudikatu nahi izan du Euskaraldiaren ariketa soziala, guztion artean irabazi beharreko partida baita euskararen aldeko erronka, Katedralean beti gertatu den legez.

Bideoaren esatariak hamaikako zuri-gorria aurkeztu baino lehen, hitzordu berezi honetarako osatu dugun taldeko kapitainak hartu du hitza, Jose Angel Iribar ‘Txopok’. Honakoa da bere mezua: “Oraingoan ere, partida guztietan bezala, beti adore handiarekin irten behar da zelaira. Neurketa hau irabazteko euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hitz egin behar dugu, maitasunez. Euskarak behar gaitu, bai hiztunoi eta bai hitz egiten ez duten horiei ere. Euskararen alde, denok batera”. Gaizka Garitano gure hizkuntzaren bultzatzaile handienetako batekin batera, Eli Ibarra bezalako ikono bat eta Ane Azkona, Asier Villalibre eta Josu Genuine taldeko futbolariak agertzen dira hamaikakoan. Horiek guztiak, erakundearen funtzionamenduan hain ezinbestekoak diren beste zuri-gorri batzuekin batera.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra
Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu entitateetan sortutako ariguneen bidez.

Euskaraldian parte hartzeko: euskaraldia.eus