undefined

Lucia Garcia, golegile nagusien zerrendan

Lucia Garcia, golegile nagusien zerrendan

Aste honetan Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dagoen aurrelaria, taldearen erasoko erreferentzia bihurtu da liga hasierako bederatzi jardunaldietan sartutako sei golei esker

Lucia Garciak golak sartzen jarraitzen du. Athleticen aurrelariak 6 gol daramatza Primera Iberdrola txapelketaren hasieran, eta txapelketako golegileen sailkapenean goikaldean dauden bi jokalarietatik gertu dago: Asllani eta Ludmila. Real Madrileko jokalari suediarra eta Atletico Madrileko brasildarra lehen postuan daude “pitxitxi” rankingean, 8 golekin, hurrenez hurren. Asllanik zortzi partida eta 636 minututan 8 gol sartu ditu (3 penaltiz), eta Ludmilak, bederatzi neurketetan eta 723 minututan, poker bat lortu du azken jardunaldian Deportivo Abanca taldearen aurka Riazorren. Luciak, bere aldetik, 656 minutu eta zortzi norgehiagokatan, 6 aldiz lortu du gola sartzea: Sevillaren aurka (birritan), Real Betis eta Madrid CFFren aurka Lezaman, eta azken partidan, UDG Teneriferen aurka beste bi.

Luciaren golek, denboraldi honetan, berdintzeko edo garaipena eskuratzeko balio izan dute beti: 2 garaipen eta 2 berdinketa. Gainera, Tenerifeko taldearen aurkako norgehiagokan bere bi golak erabakigarriak izan ziren hamar minutu eskasetan lehoien erreakzioa erdiesteko. Eunate Arraizaren laguntza paregabearekin iritsi zen berdinketa. Emandako bi asistentziekin, gainera, Grahamekin (FC Bartzelona) batera, txapelketan asistentzia gehien eman dituen jokalaria da, 5 goleko paserekin. Lucia Garciaren sei golak Angel Villacampak zuzentzen duen taldeak lehen bederatzi jardunaldietan lortutakoen erdiak dira (12 guztira). Maria Diazek 3 sartu ditu eta Erikak, Yulemak eta Monentek bana.