
Amaiera zoriontsuak Celtaren aurka
Amaiera zoriontsuak Celtaren aurka
Lehoiek talde galiziarraren aurka Ligako hiru partidetan lortu dute markagailua iraultzea neurketaren azken txanpan, guztiek emaitza berarekin
Athleticek Celtaren aurka jokatuko du ostiralean, 21:00etan, Ligako hamabigarren jardunaldiko norgehiagokan. Talde zuri-gorriak laugarren garaipena jarraian lortu nahi du Katedralean talde galiziarraren aurka, historikoki lehoiek emaitza onak lortu dituzten arerioaren kontra: San Mamesen elkarren aurka jokatu dituzten 54 liga partidetatik, lehoiek berrogei irabazi dituzte, hamaika berdinketan bukatu dute eta Vigoko taldeak hiru garaipen erdietsi ditu.
Zale zuri-gorriek talde galiziarraren aurka bihotzekoak emateko hiru partiden amaiera izango dituzte buruan, bitxia bada ere, hirurek 2 eta 1eko emaitzarekin bukatutakoak. 80. minututik aurrera markagailua irauli zuten lehoiek Vigoko taldearen aurkako neurketa hauetan.
Lehenengo norgehiagokari begira, 1997-98 denboraldira jo behar dugu. Revivok aurretik jarri zuen kanpoko taldea atsedenaldiaren atarian, 44. minutuan. Lehoiek, Luis Fernandezen zuzendaritzapean, era txalogarrian suspertu ziren neurketaren azken txanpan. Rafa Alkortak partida berdindu zuen 88. minutuan, buruz errematatuz geldikako jokaldi bat. Jarraian, Zigandak aurrez aurre topo egin zuen Dutruelekin, baina ezin izan zuen atezaina gainditu. Atezainak, jokaldiari ekin nahi izan zionean, huts egin zuen eta baloia Roberto Riosen oinetan erori zen, garaipenaren gola sartzeko.
Ibilbide honen hurrengo geralekua 2002-03 denboraldian izan zen. Celtak neurketan aurreratu egin zen lehen zatian, Eduren golarekin. Etxeberriak area txikian egindako erreboteen ostean lortu zuen lehoietako lehena, Javi Gonzalezek 81. minutuan ateratako korner jaurtiketa baten ostean. Estrategiari esker ere, Isma Urzaizek lehen zutoinean buruz errematatu zuen, partida amaitzen zelarik hiru puntuak lortzeko.
Duela lau urte, 2016-17 denboraldian, Aritz Adurizek penaltiz 82. minutuan eta Mikel San Josek, 93.ean bolea bikaina erdietsiz, Iago Aspasek 55.ean sartutako golari buelta eman zioten. Lehoiek berriro gora egin zuten norgehiagokaren azken minutuetan eta hiru puntuak eskuratu zituzten epaileak txistua jo zuenean.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - RC Celta

