undefined

Batzar Nagusia abenduaren 27an egingo da eta telematikoa izango da

Batzar Nagusia abenduaren 27an egingo da eta telematikoa izango da

Datozen egunetan, bazkide konpromisarioei bertaratzeko eta botoa emateko prozesuari buruzko xehetasun eta jarraibide guztiak emango zaizkie

2020ko azaroaren 30eko bileran, Zuzendaritza Batzordeak Athletic Clubeko Bazkide Kompromisarioen Ohiko Batzar Nagusia abenduaren 27an, igandean, eta modu telematikoan egitea erabaki du.

Batzarraren formatu hori Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak emandako gomendioan oinarritzen da, Euskadin dagoen pandemiaren egungo egoera epidemiologikoa dela eta.

Athletic Clubek datozen egunetan bazkideen esku jarriko du, aldez aurretik eta xehetasunez, Batzarrean aurkeztuko den informazioa. Zuzendaritza Batzordeak lau puntu bozkatuko ditu: 2019/2020 ekonomia-ekitaldiko Urteko Kontuak eta Zuzendaritza Batzordearen Kudeaketa, 2020/2021 ekonomia-ekitaldirako Aurrekontua, Animazio Harmaila bateratu eta aldatzeko Proposamena eta Kontrol Ekonomikoko eta Kontratazioko Batzorde berriko kideen Izendapena.

Gai-zerrendako puntuen bozketa telematikoa izango da. Gainera, baliabide telematikoetara sarbiderik ez duten bazkide konpromisarioek San Mamesen botoa aurrez aurre emateko aukera izango dute, eta horretarako hautestontziak jarriko dira Batzarraren egunean. Azken boto mota horri heltzeko, dauden murrizketak kontuan hartuta, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Halaber, Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen Erreformarako Batzordea gonbidatzea erabaki du, Batzarrean prozesuaren aurrerapenen eta etorkizunean jarraitu beharreko urratsen berri eman dezan.

Datozen egunetan, Athletic Clubek Batzarraren jarraipen telematikoa egiteko eta bozketak egiteko xehetasun eta jarraibide guztiak eskainiko ditu, baita bazkide konpromisarioekin aurrez aurre eta telematikoki aldez aurretik egingo diren bileretarako datak ere. Batzarra behar bezala garatzeko, Athletic Clubek berehala ekingo dio bere bazkide konpromisarioen harremanetarako datuak berresteko prozesuari.

Datorren astean, Zuzendaritza Batzordeko kontulariak, Jon Ander de las Fuentesek, agerraldia egingo du, 2019/20ko Urteko Kontuekin eta 2020/21eko Aurrekontuekin zerikusia duen guztia zehatz-mehatz azaltzeko.