undefined

Lehoien Gabon Zaharra

Lehoien Gabon Zaharra

Athleticek urteko azken egunean Ligako partida jokatuko duen bederatzigarren aldia izango da

Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute San Mamesen urteko azken egunean. Bitxia bada ere, ez da izango lehoiek urteko azken egunean jokatuko duten lehen aldia, ezta talde txuri-urdinaren aurka jokatuko duten lehen aldia ere. Jarraian, Athleticek abenduaren 31n ligan jokatu dituen neurketak errepasatuko ditugu.

1980ko hamarkadan, talde zuri-gorriak bi partida jokatu zituen Gabon Zahar gauean. Lehoiek urteko azken gauean jokatu zuten azken aldia 1988-89 denboraldian izan zen. RC Celtak San Mamesen jokatu zuen Ligako 17. jardunaldian. Uralderen bi golek garaipena eman zioten talde zuri-gorriari eta hiru puntuak lortzeko balio izan zuten. 1983-84 denboraldian, lehoiek Atotxako futbol zelaia bisitatu zuten Realaren aurka indarrak neurtzeko. Javi Clementek zuzenduta, Athleticek euskal derbiko hiru puntuak eskuratu zituen Argoteren golari esker, ordu laurdena bete baino lehen. Garaipen garrantzitsua izan zen, orain arte talde zuri-gorriaren azken Liga izan dena lortzeko.

Atzerago begiratuz gero, 60ko eta 70eko hamarkaden neurketei dagokienez, hainbat neurketa nabarmentzen dira lortutako gol kopuruengatik. 1972an, Milorad Pavicek zuzendutako taldeak ez zuen egunik onena izan El Plantiora egindako bisitan. LehoiEk Burgos CF taldearen aurka galdu zuten 5-1eko emaitzarekin. Hala ere, aurreko hamarkadan jokatutako bi partidetan, maila txukuna erakutsi zuten zuri-gorriek, biak San Mamesen. Lehena, 1961ean, Sevilla FC 5 eta 1 mendean hartuta, Koldo Aguirre eta Mauriren bikoteekin, eta Uriberen golak emaitza borobiltzen. Ondoren, 1967an, Athleticek Real Betis gainditu zuen, talde andaluziarrari 8 eta 0 irabazita, partida horretan Uriartek sartutako pokerra nabarmenduz.

Aurretik, 30 eta 50 hamarkaden artean, Athletic Clubek ere hiru partida jokatu zituen abenduaren 31n, nahiz eta emaitzak lehoiei irribarre gehiegirik egin ez. 1950ean, 2 eta 0 galdu zuen Atletico Madrilen aurka. 1939an, garai hartan Roberto Etxebarriak zuzendutako taldeak puntu bat erdietsi zuen Real Zaragozaren aurkako partidaren azken txanpan, Unamuno I.aren golari esker. Azkenik, urteko azken egunean Athletic Clubek jokatutako Ligako lehen neurketan (1933) porrota jaso zuen (3-2) Real Racing Cluben aurka Sardineron.

Bestalde, Kopan, abenduaren 31n bai, irribarre egin dio zorteak Athletici. 1944an, lehoiek jokatu duten Kopako partida bakarrean, Athleticek Cultural y Deportiva Leonesa kanporatu zuen La Correderan 1 eta 3ko emaitzarekin.

Futbola urteko lehen egunean

Urteko azken egunetatik haratago, Athletic Clubek hurrengo urteak ere ireki ditu, urteko lehen egunean partida ofizialak jokatuz. Lehoiek sei aldiz jokatu dituzte Ligako partida ofizialak, bost garaipen eta porrot bat lortuz. Garaipenen artean, Atotxan lortutakoak (1933ko urtarrilaren 1ean, Reala 2-4 Athletic Club) eta Castellonen aurka San Mamesen lortutakoa (6-0) nabarmentzen dira. Azken neurketa honetan, 1947an, Zarrak bost gol sartu zituen.