undefined

“Larunbatean oso kapazak izango gara”

“Larunbatean oso kapazak izango gara”

Mikel Vesgak, 2024ra arte bere kontratua luzatuko dela iragarri den egunean, Atletico Madrilen aurka talde zuri-gorriak “partida ona” egingo duela ziurtasunez adierazi du

Mikel Vesgak agerraldia egin du hedabideen aurrean, Athleticek larunbat honetan Wanda Metropolitanon Atletico Madrilen aurka jokatuko duen partidaren atarian (16:15ean). Kontratua berritu duela jakitera eman den egunean, erdilari arabarra oso pozik agertu da alderdi guztiek 2024ra arte jarraitzeko hartutako erabakiarekin: “Oso egun polita da niretzat. Hiru urte gehiago talde honetan egotea poz handia da. Argi daukat hemen egon nahi dudala eta nire desiorik handiena hemen egotea da, eta aukera izan bezain laster ez da arazorik izan”.

Bartzelonaren aurkako porrotaren ostean, lehoiek atsedenaldirako ia denborarik gabe bisitatuko dute madrildarren zelaia. Hala ere, Vesgak partida ona egiteko “gai” ikusten du taldea: “Oso hilabete bizia izaten ari da, aurkari onekin eta denbora gutxian gainera. Larunbatean lider den eta sentsazio onekin dagoen aurkari baten aurka jokatuko dugu. Hala ere, partida handiak egiteko gai garela uste dut eta larunbatean horietako bat izango da”.

Erdilaria, gainera, ziur eta gogotsu agertu da Marcelino entrenatzaile berriaren etorrerarekin: “Erabakiak onerako direla ziur nago, taldeak hazten jarrai dezan. Marcelinorekin gogor eta oso ondo lan egingo dugu, zertzelada batzuk ikusi ziren atzo lehen zatian. Bere joko-ideia eta gu ondo moldatuko gara. Ziur primeran joango dela”.