undefined

Puntuen eta konfiantzaren bila Sporting Huelvaren aurka

Puntuen eta konfiantzaren bila Sporting Huelvaren aurka

Lezaman hilabete bat baino gehiago jokatu gabe egon ondoren, lehoiak etxera itzuliko dira puntu bat gutxiago duen Huelvako taldearen aurka garaipena lortzeko asmoz

Joan den otsailaren 7an Athletic Clubek azken aldiz jokatu zuen etxean, eta lehoiek 3-0 irabazi zuten RCD Espanyolen aurka. Igandean, 11:30etik aurrera, Primera Iberdrolaren beste jardunaldi bat jokatuko da, hogeita bigarrena, eta Huelvako Sporting Club taldea izango da bisitari. Partida lehiatua izango da, izan ere, Jenny Benitezen taldeak Iturregiren jokalariek baino puntu bat gutxiago dauka eta sailkapenean postu bat atzetik dago 20 punturekin (13.a).

Aurreko igandean Rayo Vallecanoren aurka partida bikaina irabazi ostean (2-3), zuri-gorriak etxera itzuliko dira indarberrituta eta sailkapenean gora egin ahal izateko garaipenak kateatzeko itxaropenaz. La Ordenen jokatutako joaneko partidaren luzapenean eta gutxigatik irabazi zuen talde bat izango dute aurrez aurre. Ana Carolek garaipenaren gola egin zuen 91. minutuan, orduan Angel Villacampak zuzentzen zuen taldeak bere nagusitasuna erakutsi eta aukerak sortu arren.

Talde porrokatua izateaz gain, andaluziarrek ondo defendatzen dute eta badakite zer den egoera zailei aurre egitea. Bi taldeek 11 aldiz jokatu dute elkarren aurka ligan Lezaman eta balantzea oso positiboa da, lehoiek talde txuri-urdinaren aurka inoiz ez baitute galdu (9 garaipen eta 2 berdinketa). Gainera, Athleticek hogeita hamar gol sartu ditu eta lau bakarrik jaso ditu talde honen kontra. Huelvako Sportingek ez du golik sartu Lezaman 2014-2015 denboralditik; orduan, Juan Luis Fuentesen taldeak 5-1 irabazi zien. Denboraldi hartatik aurrera, Athletic-Sporting guztietan etxekoek irabazi dituzte. Iaz, 2019-2020 denboraldian ez zen partida jokatu pandemiagatik.