undefined

“Bi taldeek asko dugu jokoan”

“Bi taldeek asko dugu jokoan”

Iraia Iturregik taldearen erregulartasun falta azpimarratu du eta Valentziaren aurka partida parekatua izango dela sinesten du

Iraia Iturregik agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Primera Iberdrolako hogeita hirugarren jardunaldiaren bezperan. Athletic Clubek Valentzia izango du aurkari bihar Lezaman (11:30ean). Bi taldeak antzera daude sailkapenean; izan ere, Che taldea hiru puntu gorago dago.

Entrenatzaileak bere taldearen egoera azaldu du: “Denboraldi osoan eta partidetan zehar oso irregularrak izaten ari gara. Kostatzen ari zaigu erregulartasuna hartzea, ez gara gai garaipen pare bat kateatzeko. Huelvaren aurkako berdinketa ez dut positibotzat jotzen, baina bihar irabazten badugu, sinatzekoa izango litzateke eta puntu positiboagoa ikusiko dugu Huelvaren aurkakoa”.

Denboraldia amaitzeko helburua, argi dago Iturregiren hitzetan “Helburua mailari eustea da, hortik aurrera ahalik eta azkarren puntuak lortuz. Horrek azken partidetan presio handiagoarekin edo lasaitasun handiagoarekin egotea ahalbidetuko digu. Denboraldi amaieran arazorik ez izatea da helburua”.

Iraia Iturregik partida parekatua espero du Valentziaren aurka. “Gurearen antzeko dinamikan daude. Irabaziko balute, jaitsierako borrokatik aldentzea lortuko lukete. Bi taldeek asko dugu jokoan. Valentzia talde ausarta da, eta baloiarekin arrisku asko hartzen ditu bere gain, eta horrek aukera argiak ematen badizkie ere, guri haien akatsak aprobetxatzeko aukera eman diezaguke”.

Athletic Clubaren deialdia

Iraia Iturregik 20 jokalari deitu ditu biharko partidarako: Amaia Peña, Andrea de la Nava, Andrea Sierra, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Nekane Diez, Maria Diaz, Yulema Corres, Jone Ibañez, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucia Garcia, Marta Perea, Vanesa Gimbert, Leyre Monente eta Irene Oguiza.