undefined

Marcelino: “Finala xehetasunetan erabakiko da”

Marcelino: “Finala xehetasunetan erabakiko da”

Entrenatzaile zuri-gorriak partida oso lehiatua espero du, eta “gol aukerak aprobetxatzea” funtsezkoa izango dela aitortu du

Marcelino Garcia Toralek prentsaurrekoa eman du hedabideen aurrean, Athleticek eta Realak bihar (21:30ean) Cartujako estadioan jokatuko duten 2019-20 Kopako final handiaren atarian. Zuri-gorrien entrenatzaileak titulua lortzeko xehetasunen garrantzia azpimarratu du: “Gakoa xehetasunak menderatzea izango da. Reala futbol ona jokatzen duen taldea da eta Imanolek zuzentzen duenetik oso nortasun argia du, baina neurketak erabakiko duena gol aukerak zehaztea, erabaki onak hartzea eta ahalik eta gutxien okertzea izango dela uste dut. Gugan hiru egoera horiek gertatzen badira, garaipena askoz gertuago izango dugu”.

Entrenatzaile asturiarrak taldearen sentsazio onak aitortu ditu, urtarrilean Superkopako titulua lortu zuen eszenatoki berean entrenatu baita: “Hona sartzean sentitzen duzun lehenengo gauza duela hiru hilabete bizi dugun zoriontasun une handia da. Baina berehala konturatzen zara biharko partidan jarri behar dugula arreta eta ezarri nahi dugun jokoaren ideiarekin jokatu behar dugula, eta baliabide guztiak jarri behar ditugula finala irabazteko trebetasuna, sinesmena eta ausardia izateko”.

Marcelinok emozioen alorrera jo du finalerako 24 ordu falta direnean bere sentimenduak azaltzeko: “Aurkari guztiak berdin errespetatzeko apaltasuna dugu, baina baita partida handi bat jokatzeko eta txapeldun izateko ilusioa ere. Ziur nago prest gaudela eta ziur gai izango dela partidan zehar gertatzen den edozein egoera konpontzeko. Zer esango diet jokalariei? Goza dezatela, pribilegiatuak garelako hemen egoteko. Txikitatik zuen ametsa, Athleticen elastikoa janzten zutenean, lehen taldean jokatzea eta final bat jokatu ahal izatea zen. Eta orain egoera horretan daude”.