undefined

“Gure betebeharra partida bakoitza lehiatzea da”

“Gure betebeharra partida bakoitza lehiatzea da”

Marcelino Garcia Toralek onartu du bihar aurkari gogorra izango duela aurrean, Sevilla FC, baina lehoiek “ilusioz eta anbizioz” garaipena bilatuko dutela ohartarazi du ere

Marcelino Garcia Toralek agerraldia egin du gaur goizean Lezaman, Athleticek bihar Sevillaren aurka Ramon Sanchez-Pizjuanen jokatuko duen partidaren aurretik (21:00etan). Entrenatzaile asturiarrak partida zaila espero du LaLiga irabazteko borrokan murgilduta dagoen aurkari baten aurka, baina bere taldeak, beti bezala, garaipena bilatuko duela azpimarratu du: “Sevilla oso talde indartsua da fisikoki, kalitatezkoa eta baloia eduki nahi duena. Oso bertikala eta maila altukoa da. Zaila izango da, eta are gehiago bere zelaian. Horrekin guztiarekin, partida on bat egiteko, gogorrak izateko eta lehiakorrak izateko ilusioarekin eta anbizioarekin goaz. Irabazteko argudio guztiak jarriko ditugu berdegunean. Gure betebeharra, eta horrela egiten ari gara, neurketa bakoitza lehiatzea da”.

Athleticeko entrenatzaileak, Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direnean, atsekabea agertu du, bestalde, Athleticera heldu zenetik erakutsitako errendimenduaren eta merezimenduen araberako puntu guztiak lortu ezin izan dituelako: “Agian merezi genituen puntuak ez ditugu lortu. Merezimenduak erdietsitako puntu kopurua baino handiagoak izan dira. Berdinketaren (puntu bat) eta garaipenaren (hiru puntu) aldearekin, berdinketek zigortu egin gaituzte. Taldeak hiru partida baino ez ditu galdu, eta hainbeste berdinketa pilatu ondoren, amorru handia ematen dizu. Oraintxe bertan, garaipen batzuk lortuta, Europaren aldeko borrokan egongo ginateke, argi eta garbi. Partida hauetan guztietan lau aldiz bakarrik lortu dugu golik jaso gabe neurketak amaitzea eta horrek puntuak batzea galarazi digu. Hobetu beharreko zerbait da”.

Zuzentzen duen taldearen etorkizunaz galdetuta, Marcelinok aitortu du oraindik lan egin behar dutela eta kontzeptu batzuk finkatu behar dituztela, egutegi estuaren eta partiden kargaren ondorioz, taldeak eta teknikariek ezin izan baitute nahi bezala garatu: “Partida asko jokatu ditugu eta aste asko izan ditugu hiru partidarekin. Kontzeptu asko finkatzea falta zaigu, jokoan jarraitutasuna izan dezaten. Taldea ideia horrekin identifikatzen da, eta hori finkatzen joatea da gure helburua”.