undefined

Muniainek Canitori egindako omenaldia

Muniainek Canitori egindako omenaldia

Kapitainak bere 437. partidan erabilitako besokoa entregatu die defentsa ospetsuaren senideei, izan ere, hark ere zifra hori lortu zuen, zuri-gorri moduan jokatu zuen 16 denboraldietan

Iker Muniainek Nicanor Sagarduy “Canito” jokalari ospetsuaren omenezko keinu bat izan zuen, 50eko hamarkadako defentsa zuri-gorri hark jokatutako partida kopuru berdinera heltzea lortu baitu. Abenduaren 22an, egungo kapitainak bere 437. partida jokatu zuen Villarreal CF taldearen aurka, eta kopuru hori izan zen Canitok lortu zuena, 16 denboralditan. Bere alargunari eta seme-alabei partida hartako oroigarrizko besokoa eman die, opari. Data horretara arte, Canito bederatzigarren postuan zegoen Athletic Club taldearen historian partida gehien jokatu dituztenen zerrendan.

Entrega-ekitaldia Athletic Club Museoan izan da, eta, Muniainez gain, Canitoren alarguna, Juana María Salson, eta bere seme-alabak, Iñigo eta Amaia, izan ziren. Eskerrak eman zizkioten kapitainari, bere aitaren omenezko keinu horrengatik. Nicanor Sagarduy “Canitok” 16 denboraldi egin zituen Athleticen, 1948ko irailaren 12an debutatu zuenetik, 1963ko abuztuaren 22an agur esan zuen arte. 6 gol markatu zituen. Horietako bat, famatuena, Athletic Cluben Europako Kopako lehen partidan garaipena erabaki zuena (1-2), 1956ko irailaren 20an, FC Porto taldearen aurka. 4 Kopa lortu zituen (1949/50, 54/55, 55/56 eta 57/58), Liga bat (1955/56) eta Eva Duarte Kopa bat (1950/51). Canito izan zen Di Stéfanoren Real Madrid taldea garaitu zuen “hamaika baserritarretako” bat, 1958ko Kopan. Talde hura Liga eta Europako Kopa irabazi berria zen.

Canitok jasotako banakako sarien artean, Monchín Triana trofeoa aipatu dezakegu. Pichichi trofeoarekin batera sortu zen, eta beren kirol izpiritu eta klubarekiko fideltasunagatik nabarmentzen ziren jokalariei ematen zitzaien. 1968ra arte egon zen indarrean, eta bere egunean Piru Gainza eta Jose María Oruek ere jaso zuten. Hain zuzen ere, Sagarduy Salson familiak Athletic Club Museoari laga dio 1960/61 denboraldian Canitok irabazi zuen trofeo berezi hori.