undefined

“Nire jokalariei azken ahalegina eskatzen diet”

“Nire jokalariei azken ahalegina eskatzen diet”

Iraia Iturregik onartu du jokalariak nekea nabaritzen ari direla, baina ez du maila jaitsiko denboraldiaren azken zatian

Iraia Iturregik bere iritzia eman du komunikabideen aurrean datorren igandean Levanteren aurka lehoiek jokatuko duten neurketaren inguruan, Primera Iberdrolaren 32. jardunaldiari dagokion partidan. Lehen taldeko sei jokalariren bajaren berri izan ostean, Lucia Garciarena barne, Loiukoak aurreratu du bigarren taldeko jokalariak deituko dituela Valentziarako deialdia osatzeko.

Azken hilabete honi aurre egiteko taldearen egoerari dagokionez, entrenatzaileak aitortu du ez dela erraza “jokalariak fisikoki eta mentalki oso nekatuta ikusten ditudalako, baina aurkari guztiak berdin gaude. Gure denboraldi-aurrea uztailean hasi zen, ekainean taldea berriro entrenatu zen, eta urte oso bat daramagu lehian. Jakin behar dugu ez dela gauza bera zortzirenak edo hamargarrenak geratzea. Geratzen zaizkigun azken partidetan azken bultzada eskatu diet jokalariei”.

Igandean Levanteren aurka bere taldeak jokatuko duen partidari dagokionez, txapelketako hiru talde onenetako bat dela esan du Loiukoak: “Urte bikaina egiten ari dira, urteak daramatzate Champions txapelketa jokatu gabe eta eskuan dute aurten. Bartzelonaren aurkako Erreginaren Kopako finalean Levanteren jokoa eta anbizioa ikusi ziren. Ez dute inoiz amore ematen eta normalean gol asko sartzen dituzte partiden azken txanpan. Gainera, Esther dute, ligako goleatzaile nagusia”.

Azkenik, CSDk ekainaren 15etik aurrera Emakumezkoen Lehen Mailak maila profesionala izango duela iragarri ostean, Iturregi kritikoa izan da eta zenbait eremutako gutxieneko baldintzak erregularizatzea eskatu du. Gainera, talde bakoitzaren atzerriko fitxen gaia erregularizatzea ere eskatu du. “Kontratuen partzialtasunari dagokionez, hobekuntza bat egongo da. Oro har, liga profesionalak emakumezkoen futbolarentzat eta jokalarientzat onura ekartzea espero dut, baita ikuskizunarentzat eta ikusleentzat ere”.