undefined

“Handinahia naiz, ondo bukatu behar dugu”

“Handinahia naiz, ondo bukatu behar dugu”

Iturregik “sentsazio onekin” amaitu nahi du denboraldia, taldeak denboraldi osoan erakutsi duen irregulartasuna ikusita

Iraia Iturregik bere iritzia eskaini du klubeko hedabideen aurrean, larunbat honetan prentsaurrekorako komunikabiderik ez delako egon. Bihar, igandea, Primera Iberdrolako 33. jardunaldia jokatuko da Lezaman eta Sevilla FC izango da lehoien azken-aurreko aurkaria etxean, datorren igandean Galiziara azken irteera egin aurretik. Zalegoa Lezamako harmailetara itzuliko den albiste positiboarekin ekingo dio norgehiagokari.

“Denboraldia luzea egiten ari zaigu. Lehiaketako azken asteari ahalik eta ondoen aurre egiteko gogoa dugu, hiru partida ditugu.. Atzo jaso genuen albistea, bihar publikoa egongo dela, beste motibazio bat da etxean jokatuko diren bi partida horiei begira. Ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu behar dugu. Hiru partida dira, eta denboraldia ondo bukatzea espero dut, sentsazio onekin. Ikus dezagun ea publikoari ikuskizun on bat emateko gai garen“, esan zuen Iturregik.

Aurkariari dagokionez, Sevilla FC bost puntura du. “Azken aste honetan sailkapenean sartzeko aukera dugu. Denboraldi ona egiten ari dira. Asko transmititzen didan taldea da, gauzak argi dituzte eta talde bertikala da. Bere entrenatzaileak izaera hori ematen dio taldeari; nortasuna dute”.

“Irregulartasuna hobetu behar dugu”

Astebeteren faltan, Loiukoak ez du nahi taldeak oporretan pentsatzen hastea: “Ez da gauza bera zortzigarrena edo hamabigarrena izatea. Handinahia naiz eta ez naiz erraz konformatzen. Egia da taldea egoera zail batean hartu genuela jaitsiera gertu zegoenean, eta salbatu egin genuela, baina uste dut ez dugula horrekin konformatu behar. Lehiatzeko orduan erakutsi dugun irregulartasuna hobetu behar dugu. Jakin behar dugu nola erantzungo duen taldeak partida bakoitzean”.

Athletic Clubaren deialdia

Biharko zerrendan 21 jokalari hauek daude: Andere Leguina, Amaia Peña, Andrea Sierra, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Oihane Valdezate, Maria Diaz, Jone Ibañez, Marta Unzue, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucia Garcia, Vanesa Gimbert, Leyre Monente, Nerea Nevado, Irene Oguiza, Mariana Cerro, Paula Arana eta Clara Pinedo.