undefined

“Partida borobila egitea polita izango litzateke”

“Partida borobila egitea polita izango litzateke”

Iturregik 18 jokalari eramango ditu Abegondon jokatuko den Deportivo Abancaren aurkako partidarako

Iraia Iturregik azken aldiz agertu da hedabideen aurrean Lezaman, bihar Deportivoren aurka jokatuko duten partidaren atarian. Loiukoak baieztatu duenez, Vanesa Gimbert baja izango da biharko partidarako, asteartean Bartzelonaren aurkako partidan orkatilan jaso zuen kolpe baten ondorioz. Denboraldiko azken partidari nola aurre egingo dioten galdetuta, Iturregik honakoa esan du: “Partida jokatu egin behar da, eta beste edozein partidatan egiten den ahalegin bera suposatzen du, baina uste dut ez dela berdina oporretara sentsazio onekin edo txarrekin joatea. Datorren urtean taldean jarraitzen ez duten jokalarientzat partida ona egitea polita izango litzateke. Jokalariak motibatzen saiatu naiz aste honetan, eta pasa dugun denboraldiaren ostean, sentsazio onekin amaitzea atsegina izango litzateke “.

Azken bidai honetarako bigarren taldeko jokalariak ere joango dira, Loiukoak azaldu duenez: “Espero genuen freskotasuna eman diote taldeari, agian mentalki hobeto zeuden. Sartu diren azkenek lehen taldeko jokalariekin entrenatzeko motibazioa dute. Haien errendimendua ona izan da eta lagundu egin digute. Jokalariek oso harrera ona egin diete eta hori garrantzitsua da”.

Norgehiagoka, Primera Iberdrolako 34. jardunaldia, lehen mailan mantentzea lortu ez duen talde baten kontra da, baina Iturregik argi dauka: “Sevillaren aurka izan genuen lasaitasuna eta ausardia aurkitzea espero dut. Nahiz eta Dépor Reto Iberdrolara jaitsi izan den, uste dut haiek ere denboraldia ahalik eta hoberen bukatu nahiko dutela. Deportivo Abanca gustuko dudan kluba da, eta bere instalazioetan debuta egiteak ilusioa egiten dit. Ez dut uste partida erraza izango denik”.

Deialdia

Biharko zerrendan 18 jokalari hauek daude: Andere Leguina, Amaia Peña, Andrea Sierra, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Oihane Valdezate, Nekane Diez, Maria Diaz,  Jone Ibañez,  Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucia Garcia,  Leyre Monente, Nerea Nevado, Irene Oguiza eta Paula Arana.