undefined

Denboraldiko debutak emakumezkoen lehen taldean

Denboraldiko debutak emakumezkoen lehen taldean

2020-21 denboraldian bigarren taldeko sei jokalarik lehen minutuak izan dituzte, baita Amaia Peña atezainak eta Sophie Istillartek ere

2020-21 denboraldia oso gogorra eta luzea izan den arren, berri asko utzi ditu. Athletic, harrobiko kluba denez, pozik egon diateke emakumezkoen sailean harrobiko debutak eman direlako. 2019-2020 denboraldian, pandemiak geldituta, filialeko hiru jokalarik debuta egin bazuten (Amaiur Sarriegi, Irene Oguiza eta Naroa Uriarte), aurtengo denboraldian debutak bikoiztu egin dira eta sei jokalarik lehen taldearekin parte hartu dute: Paula Arana, Bibiane Schulze, Mariana Cerro, Clara Pinedo, Alejandra Estefanía eta Naia Landaluze.

Lehen minutuak gozatu zituen lehen jokalaria Arana aurrelaria izan zen, Deportivo Abancaren aurka, ligako lehenengo jardunaldian. Arana 57. minutuan ordezkatua izan zen baina bere kalitatearen distirak utzi zituen. Paula Aranak bederatzi neurketa gehiagotan parte hartu du lehen taldearekin eta Leyre Monente eta Irene Oguizaren atzetik, harrobiko jokalaririk erabiliena izan da.

Hurrengo jardunaldian Bibiane Schulzek debutatu zuen eta kamiseta zuri-gorria jantzi zuen 100. jokalaria bihurtu zen. Ezkerra azken minutuetan irten zen Sevilla FCren aurkako partidan eta lehoiek 0-2 irabazi zuten. Atzelariak 29a bizkarrean eraman zuen.

Hilabete batzuk igaro ziren beste debut bat ikusteko. Apirilaren 4an Mariana Cerro Santa Teresaren aurkako garaipenean debuta egin zuen. Erdilariak lehen minutuak jokatu zituen 26 zenbakiarekin eta beste bi partida gehiago jokatu zituen, biak FC Bartzelonaren aurka. Mariana izan zen Iraia Iturregik aukera eman zion lehen jokalaria.

Primera Iberdrolako 32. jardunaldiko neurketan, Clara Pinedok (32) eta Alejandra Estefaniak (30) debuta egin zuten. Selektibitateko azterketak egiteko egun gutxi falta zirenean, bigarren zatiko minutu batzuk jokatu zituzten Levanteren aurka. 17 urterekin biak izan dira denboraldi honetan jokatu duten jokalaririk gazteenak. Pinedo izan da bigarren taldeko goleatzaile nagusia (Landaluzerekin sei golekin berdinduta) eta Estefa izan da minutu gehien izan dituena, ia 2000 minutu.

Naia Landaluze izan zen debuta egin zuen azken lehoia. Orozkoko defentsak Bartzelonaren aurka jokatu zuen Lezaman jokatu den azkenengo partidan. Bizkarrean 33. zenbakia izan zuen eta bere indarra eta intentsitatea berdearen gainean erakutsi zituen.

Istillart eta Amaia Peña

Sophie Istillart iazko udan talde zuri-gorrira gehitu zen eta bere lehenengo partidua aurreko denboraldiko Erreginaren Kopako finalerdietako partida izan zen, pandemia dela eta jokatu ezin izan zena. Erdilaria Athletic Clubeko koloreak defendatu dituen Ipar Euskal Herriko lehen emakumea da. Baionakoa erregulartasun handiena izan duen jokalaria izan da. Partida guztiak jokatu ditu, bi izan ezik: ligako lehenengoa lesionatuta zegoelako eta Granadillaren aurka zigortuta zegoelako. Sophiek 15 zenbakia jantzi du eta 2341 minutu jokatu ditu.

Bestalde, Amaia Peña, AEBetara ikastera joan aurretik harrobiko jokalaria izan zena, 2020ko ekainean itzuli zen Athleticera eta bere txikitako ametsa bete zuen. Portugaletekoak 202ko urriaren 18an defendatu zuen lehen aldiz zuri-gorrien atea, Lezaman jokatu zen Betisen aurkako partidan. Beste lau partida jokatu ditu eta azkenengo partidatan, Sevilla FC eta FC Bartzelonaren aurka, jokalari nabarmenetako bat izan zen.