undefined

Lezaman hezitako erdilariak

Lezaman hezitako erdilariak

Sancet, Vencedor eta Zarragarekin hitz egin dugu, duela bi denboraldi Bilbao Athleticen erdialdeko ardatzak izandakoak eta gaur lehen taldeko jokalariak direnak

Oihan Sancet, Unai Vencedor eta Oier Zarraga. Hirurak Bilbao Athleticen zelai erdian aritu ziren 19-20 denboraldian, Joseba Etxeberriaren aginduetara. Orain, 2021-22 denboraldi-aurrean murgilduta eta Marcelinoren aginduetara, lehoi gazteek paper garrantzitsua izan nahi dute entrenatzaile asturiarraren planetan.

Maila gorenean estreinatu zen lehena Oihan Sancet izan zen. Erdilari nafarrak Gaizka Garitanoren aginduetara izan zituen lehen minutuak, 2019-20 denboraldiko lehen jardunaldian, 2019ko abuztuan. 19 urterekin, Sancet aulkitik atera zen FC Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatutako partidan, eta denboraldi horretan bigarren taldeko eta lehen taldeko partaidetzak txandakatu zituen. LaLiga-n jokatutako lehen denboraldian, gol bat sartu zuen Mallorcaren aurka 32. jardunaldian.

Unai Vencedorrek 2020ko otsailean lortu zuen saria. San Mamesen, CA Osasunaren aurka eta zalego zuri-gorriaren aurrean, hasieratik irten zen Rekaldeko erdilaria liga txapelketako 24. jardunaldian, bigarren taldeko erdialdean ardatza izan ostean. Erdilari gaztea 36 partidatan aritu da dagoeneko lehen taldean, eta horrek 2025era arte kontratua berritzeko balio izan dio.

Oier Zarragak lehen aldiz parte hartu zuen aurreko denboraldian. Athletic Clubek iaz San Mamesen lortutako lehen garaipenean, Levante UD taldearen aurka, erdilari getxotarrak bere lehen minutuak jokatu zituen lehen taldearekin, partidako 70. minutuan Unai Lopez ordezkatu ondoren. Lehoi gazteak bere burua aldarrikatu nahi du bere lehen denboraldi osoan lehen taldeko jokalari bezala, iragan denboraldian lesioen pisua gehiegizkoa izan eta gero.