undefined

Zarraga: “Bere buruari gehien eskatzen diona ni naiz”

Zarraga: “Bere buruari gehien eskatzen diona ni naiz”

Oier Zarragak, belauneko lesio larria atzean utzi ondoren, Athletic Clubek Elx CFren aurkako Ligako lehen partidari begira dituen”sentsazio onak” nabarmendu ditu

Oier Zarraga izan da hedabideen aurrean hitz egiteko arduraduna gaurkoan, Athletic Clubek LaLiga 2021-22ri hasiera emango dion astean. Lehoiek Elx CFren aurka neurtuko dituzte indarrak etxetik kanpo astelehenean (22:00etan), Martinez Valeron, harmailetan zaleak egonda: “Ikusleen itzulerarekin, partida zaila izango da. Elx aurkari gogorra da, baina hiru puntuak lortzen eta txapelketa ondo hasten saiatuko gara. Taldea ondo dago eta oso sentsazio onekin goaz lehen neurketara denboraldi-aurre honen ondoren”.

Txapelketa hasi baino lehen taldeak izan dituen neurketekin, erdilariak taldeko kide izateko aukera izan du berriz ere, apirilean belaunean izan zuen lesio larria atzean utzi ostean. Harrobiko jokalariak, Marcelinoren agindupean, bere lekutxoa hartu du zelai erdian denboraldi-aurreko norgehiagoketan, eta prest dagoela aipatu du: “Oso pozik nago. Berriz ere ondo sentitu naiz, belaunak ez dit arazorik arazorik eman eta minutuak eta sentsazioak hartzen ditudala ikustea oso pozgarria da niretzako. Bere buruari gehien eskatzen diona ni naiz, nire autoexijentzia oso altua da eta entrenatzaileak eta talde teknikoak eskatzen didana egingo dut. Saiatuko naiz ahalik eta minutu gehien izaten”.

Denboraldi berri baten bezperan gaude, ikusleak estadioetara sartzearen pizgarriarekin. San Mamesek berriro irekiko ditu bere ateak, eta taldeak, denboraldi-aurre gogorraren ostean, “edozein aurkariren aurka lehiatzen” dela egiaztatu ostean, gogotsu ekingo dio lehiari: “Gugan konfiantza handia dugu, gogotsu gaudea. Uste dut dena ondo joango dela, eta ziur nago Europako postuetarako borrokan egongo garela. Partidak jokatzerakoan eta estadioak beteta ikusten ditugun bakoitzean, Anfield, adibidez, pentsatzen dugu zein polita izango litzatekeen gure publikoarekin egotea, haren bultzada sentitzea eta horrekin jokatzea ere. Zoritxarrez, edukiera txikia da, baina %20 horrekin ahal duguna egingo dugu. Gure jendearen berotasuna sentitzea oso berezia izango da”.