undefined

Emakumezkoen lehen derbia San Mamesen

Emakumezkoen lehen derbia San Mamesen

Lehoiek igande honetan jokatuko dute denboraldiko etxeko lehen partida, Realaren aurka Katedralean

Athleticen denboraldi honetako etxeko lehen partidak baldintzarik onenak batzen ditu: derbia Realaren aurka eta San Mamesen zaleekin, nahiz eta edukiera mugituarekin. Lehoiek Katedralaren babesean jokatuko dute Primera Iberdrolako bigarren jardunaldia, joan den igandean Madril CFFren aurka lehen hiru puntuak lortu ostean. Iraia Iturregiren taldeak ondo ekin dio txapelketari eta bide horri eutsi nahi dio igandeko neurketa historiko eta bereziarekin.

Emakumezkoen lehen derbia izango da, euskal talde batek San Mamesera egingo duen lehen bisita. Realak bi aldiz ireki zizkion Anoetako ateak partida honi 2019an. Otsailean markagailua 2-2koa izan zen eta urrian zurigorriek 0-2 irabazi zuten. Oraingoan, Bilbo izango da topaketa zirraragarriaz gozatzeko aukera izango duena.

Emakumezkoen taldeak San Mamesen jokatuko duen 17. partida izango da; 11 zelai zaharrean eta igandekoarekin, sei tenplu berrian. Erika Vazquezek, igandean jokatuz gero, Iraia Iturregi entrenatzailea berdinduko du partida ofizialetan (402). Agertoki honetan neurketa gehien jokatu dituen lehoia da egun (13).

Bi emakume lehen aldiz San Mameseko aulkietan

Gainera, Athleticen historian lehen aldiz, emakume bat eseriko da Katedraleko aulkian talde zuri-gorria zuzentzeko. Natalia Arroyok, txuri-urdinen entrenatzaileak, gauza bera egingo du beste aldean. Horrela, lehen mailako bi emakumezeko entrenatzailek elkarri bostekoa emango diote San Mamesen.

Zaleek, eta batez ere etxeko txikienek, futboleko goiz eder batez gozatzeko aukera izango dute igandean. Publiko orokorrarentzako sarrerak 5 eurotan salgai daude, eta 15 urtetik beherakoek 2 euro ordainduko dituzte. Joan den astean izena eman ez zuten bazkideek oraindik ere sarrerak doan lortzeko aukera dute, bazkide-kodea sartuta.