undefined

“Xarma berezia izango du derbiak San Mamesen”

“Xarma berezia izango du derbiak San Mamesen”

Iturregi lasai dago San Mamesen jokatuko den emakumezkoen lehen derbiaren atarikoan, igandean 12:00etan jokatuko dena

Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak agerraldia egin du hedabideen aurrean, Realaren aurkako derbia jokatu baino 48 ordu lehenago. Emakumezkoen lehen derbia izango da San Mamesen, euskal talde baten lehen bisita. Partida 12:00etan hasiko da eta bertan zaleak izango dira Primera Iberdrolako bigarren jardunaldian.

Partidaren ingurua gorabehera, Iturregik ahalik eta arreta handiena jarri nahi izan du neurketa ondo prestatzeko. “Derbiak eta zelaia bereziak dira, baina ahalik eta aste lasaiena izaten saiatu gara. Partida hurbildu ahala, gehiago pentsatzen duzu aurkariarengan eta zelaiari buruz. San Mameseko lehen derbia izango den pizgarri hori du, baina ez dugu dinamika berezirik aldatu”, esan du.

“Norgehiagoka zaila eta parekatua espero dut, Realak jokalari asko aldatu dituen arren, norabide berari jarraitzen diolako eta ez direlako aldatuko. Iaz denboraldi bikaina egin zuten eta denboraldi-aurre hau ondo hasi dute. Partidan protagonista izan nahi duen Reala espero dut. Derbiak uste baino partida zailagoak izaten dira eta emaitza oso estuak izaten dituzte. Gu ondo iritsi ginen denboraldi-aurre on baten ostean, eta sentsazio onak izan genituen lehen partidan, Carabanchelen bezalako zelai zail batean garaipena lortu genuenean. Mentalki ondo iritsi gara partidara ere”.

Azkenik, aurten taldean duen lehia handiaz ere hitz egin du, hamaikako bat zelairatzeko orduan egoera zailtzen zaion arren. “Aurten gehiago kostatzen ari zait hamaikakoak egitea, eta hori buruhauste handia da entrenatzailearentzat, baina positiboa da posizio bakoitzean lehia handitzea”.