undefined

Goi-mailako partida etxeko estreinaldian

Goi-mailako partida etxeko estreinaldian

Athleticek bihar jokatuko du (12:00etan) denboraldiko lehen partida etxean, San Mamesen eta Real Sociedad-en aurka

Bihar, igandea, 12:00etan San Mamesen jokoa hasiko da. Klubaren historian lehen aldiz, bi euskal talderen arteko derbia izango da Katedralean, Athletic Club eta Real Sociedad taldeen arteko lehia. Oso partida berezia izango da, lehoiei balioko diena Primera Iberdrolako 2. jardunaldian euren zaleen aurrean aurkezteko. Urtebete Lezaman ia ikuslerik gabe eman ondoren, zuri-gorriek milaka athleticzaleren maitasuna sentitu ahal izango dute harmailetan. Gauza bera gertatuko zaio Ainhoa Tirapu atezain ohiari, errekonozimendu polita jasoko baitu.

Futbol-zelaietatik kanpoko giroa alde batera utzita, euskal futbolaren festan, liga hasierako jardunaldia irabaztetik helduko diren bi talde ikusiko dira aurrez-aurre. Txuri-urdinek 4-1 irabazi zioten igandean Valenciari Zubietan, eta zuri-gorriek 0-2 irabazi zioten Madrid CFFri. Partida, beraz, parekatua izango da, baina derbien ohiko joerarekin: partida korapilatsuak eta markagailu estuarekin.

Real Sociedad-ek baja asko izan ditu uda honetan, besteak beste, bi kapitain Lezamara joan dira: Mariasun Quiñones eta Itxaso Uriarte, eta Ainhoa Morazarekin bat egin dute, iragan txuri-urdinarkin. Hala ere, Natalia Arroyok oso talde lehiakorra osatu du, eta Iraia Iturregi ez da horretaz fio.

Azken lau denboraldietako derbiak Athletic Clubek 2-1eko emaitzarekin irabazi ditu; azken hirurek beti irauli dute donostiarren lehen gola. Lehoiek ez dute etxean galtzen Realaren aurka ligan 2010-2011 denboralditik. Egun berezia izango da estadioan lehen minutuak joka ditzaketen hainbat lehoientzat.

Athletic Clubaren deialdia

Iraia Iturregik 20 jokalari deitu ditu:  Andrea de la Nava, Mariasun Quiñones, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Nekane Diez, Marta Unzue, Yulema Corres, Leyre Monente Irene Oguiza, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucía García, Itxaso Uriarte, Paula Arana, Vanesa Gimbert, Ainize Barea, eta Mariana Cerro. Entrenatzaile zuri-gorriaren zerrendan kanpo geratu dira Oihane Hernandez, lesionatuta dagoelako, eta Erika Vazquez, azken orduko baja, bikian gainkarga bat duelako.