undefined

“Zaleen eta jokalari guztien laguntza behar dugu”

“Zaleen eta jokalari guztien laguntza behar dugu”

Marcelino Garcia Toralek aldaketak iragarri ditu biharko hamaikakoan, Rayoren aurka (22:00etan), eta zaleek San Mamesen taldea babesteko “ahaleginak” egitera animatu ditu

“Jendeari laguntza eskatzen diot berriro, zaleekin indartsuagoak izango gara. Aste barruan egun deserosoa dela badakigu, baina ahalegin txiki bat egin behar da, jendea San Mamesera joatera animatzen dut”. Marcelino Garcia Toralek, Rayoren aurkako partidaren aurreko prentsaurrekoan, athleticzaleak bihar San Mamesera joan daitezela eskatu du (22:00etan), lehoiei “asko eskatuko” dien partida batean taldeari babesa emateko: “Denok batera hiru puntu lortzea, zenbaki oso onak lortzea izango litzatekeena. Partida oso zaila izango da, baina pizgarri handia dauka”.

Lehoiek lehendabiziz Katedralera bueltatuko den Andoni Iraolaren Rayo Vallecano hartuko dute. Talde honek, entrenatzaile asturiarraren arabera, Athleticekin antzekotasunak ditu: “Talde dinamikoa da, alaia eta beti aurrera jokatzen duena. Gure taldearekin antzekotasun dezente ditu erasoko jokoari dagokionez. Gauzak oso zail jarriko dizkigu. Horrelako partidek sailkapenaren goialdean egoteko aukera emango digute. San Mames gotorlekua izan dadin saiatuko gara eta partida hauetan puntuak lortzen saiatuko gara”.

Wanda Metropolitanon berdinketa lortu ostean, eta egutegi estuari begira (hiru partida zazpi egunetan), Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan: “Aldaketak egongo dira bihar. Atletico Madriden aurkako esfortzu handi batetik gatoz, eta errealitatean, jokalariak zelaira sartzen direnean eta nola entrenatzen ari direla ikusita, konfiantza osoa ematen didate. Jokalari guztiak behar ditugu, eta ahalik eta gehien eman behar dugu berdegunean partida bakoitzaren eskakizunagatik”.