undefined

“Oso pozik nago errendimenduarekin”

“Oso pozik nago errendimenduarekin”

Denboraldiko lehen derbian Deportivo Alavesen aurka lortutako garaipena ospatu du Marcelinok eta taldeari aukera gutxi egiten dizkiotela nabarmendu du

Marcelino Garcia Toralek komunikabideen galderei erantzun die bere taldeak Alavesen aurka 1 eta 0 irabazi ostean San Mamesen. Emaitzarekin pozik agertu da entrenatzaile asturiarra: “Ezkorrak izan ordez, baikorrak izan behar garela uste dut. Oso aukera gutxi sortzen dizkigute eta ia ez digute golik sartzen. Oso pozik nago taldearen lehen zortzi jardunaldietako errendimenduarekin. Zaletuei ere eskerrak eman nahi dizkiet, gazte asko ditugu eta laguntza eman behar diegu. Ziur nago orain irabazteko sufritzen badugu, gero ez dugula hainbeste sufrituko“.

Zuri-gorrien entrenatzaileak balorazio positiboa egin du: “Penalti bat huts egin ostean aurrera jarraitzen jakin dugu. Ez genuen pentsatzen berdinketa heldu zitekeenik. Baloiarekin oso ondo egin dugu momentu askotan. Baloiarekin eta pazientziarekin defendatu dugu azken minutuetan. Batzuetan, emaitzek urduritasuna ekartzen dute, eta gaur aurrerapauso garrantzitsua eman dugu arlo horretan“.

Iñaki Williamsek 203 partida jarraian jokatu ostean ezarritako errekorrari buruz galdetuta, aurrelaria zoriondu nahi izan du. “Lehenik eta behin, zorionak eman behar dizkiogu. Gaur egungo futbol honetan partida kopuru hau jokatzeak berez gauza asko daramatza atzean. Harro egon behar du. Emozionalki oso ondo etorriko zaiola uste dut. Partida handia egin du eta oso pozik gaude beregatik eta egin duen ekarpenagatik. Beste 200 jokatzera animatzen dugu; hau bere onerako eta Athleticen onerako izango da“.

Orain Athletic hiru astez egongo da lehiatu gabe eta Marcelinok argi du jarraitu beharreko plana. “Geldialdira garaipen batekin joatea askoz hobea da. Partida txarra izateak eta hurrengo bietan erreakzionatzeak bide onean gaudela esan nahi du. Pena da beste astebetez geldirik egon behar izatea, baina helburuak betetzen saiatuko gara, erritmoa ez galtzeko“.