undefined

Fundazioak aholkuak eman dizkie San Mamesen erakundeei, entitateei eta klubei

Fundazioak aholkuak eman dizkie San Mamesen erakundeei, entitateei eta klubei

Sentsibilizazio-jardunaldiaren baitan gure erakundeak Haurrak Babesteko Lege berriaren inplikazioei buruzko argibideak eman zizkien, bai eta Fundazioaren Udalen Plana aurkeztu ere

Athletic Club Fundazioak sentsibilizazio- eta informazio-jardunaldi bat antolatu zuen atzo San Mamesen, Kirolean Haurrak Erabat Babesteko Lege Organikoaren ondorioei buruz. Athletic Clubeko presidente Aitor Elizegik aurkezpen labur bat egin ondoren, lege berri hori indarrean jartzeak erakunde publikoentzat, ikastetxeentzat, klubentzat eta kirol-entrenatzaileentzat izango dituen ondorioak azaldu zituen Athletic Clubek haurren babesaren arloan abian jarri duen Aterpe programaren arduradun Iñaki Alonsok.

Lege berriak kirolari eskainitako kapitulu oso bat du, eta, bertan ezarritakoaren arabera, kirol-klubek haurrak babesteko politika bat eta ordezkari bat izan behar dituzte, eta kirol-langileek gai horri buruzko gutxieneko prestakuntza izan behar dute.

San Mamés BAT erdiko eraztunean antolatutako ekitaldian erakunde, ikastetxe eta kirol-klubetako ordezkari ugari izan dira, baita Bizkaiko 15 udalerritik gorako alkateak eta zinegotziak ere. Bertaratuen artean, Eusko Jaurlaritzako Jon Iriberri, Irune Muguruza eta Matxalen Gorostiza; Educoko Conchi Uriguen; UNICEFeko Elsa Fuente; Save the Childreneko Charo Arranz; FVFFko Iñaki Gómez Mardones; eta Athleticeko batzarkideak Jorge Gómez eta Goyo Arbizu.

Fundazioaren Udalen Plana

Horrez gainera, Fundazioak aukera baliatu du bere Udalen Plana azaltzeko. Ekimen horren xedea da Athletic Club taldearen balioak Bizkaiko bazter guztietara eramatea. Galder Reguera Fundazioko proiektu-arduradunak azaldu duenez, helburu hori Fundazioaren eta Athletic Cluben funtsezko asmoetako bat da: Fundazioak gizartearen, ingurumenaren, kirolaren eta kulturaren arloan antolatzen dituen jarduerak, herrialdeko hiriburuan ez ezik, udalerrietan ere egiteko aukera izatea.

2020ko irailean, Derioko Udalarekin sinatutako akordio estrategikoa aurkeztu zuen Fundazioak. Udal hori izan zen lehena, zeharkako lankidetzarako eredu berri bat jorratzen duen proiektu honekin bat egiten. Derioren ostean, beste sei udal batu ziren: Getxo, Bilbo, Loiu, Gueñes, Alonsotegi eta Erandio.

Proiektuaren lehenengo hilabeteetan, proposamenak harrera bikaina izan du Bizkaiko udaletan. Fundazioak udal-laguntzaileei eskaintzen dien jarduera eta ekimenen katalogo zabalaren barruan, hauek izan dira gehien eskatu direnak: Thinking Football Film Festival jaialdia, irakurketa-klubak eta -lantegiak, adingabeak erabat babesteko prestakuntza teknikari eta senideentzat, eta kirol-psikologiari, kirol-elikadurari eta hirugarren adinekoentzako ergonomiari buruzko hitzaldiak. Halaber, Fundazioak eta udalek zeharkako lankidetzarako beste bide batzuk aztertuko dituzte akordio horien bidez, Fundazioak lankide dituen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteei laguntzeko.