undefined

“Etxean indartsuak izan gura dugu”

“Etxean indartsuak izan gura dugu”

Iturregik “nota altua” eman dio bere taldeari lehen hamar jardunaldiak igaro ondoren, eta bihar lehen minututik partida irabaztera ateratzeko eskatu die jokalariei

Iraia Iturregik, Athletic Club-Huelvako Sporting partidaren bezperan, agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan. Entrenatzaile zuri-gorria baikor agertu da bihar 11:00etan Lezamako 2. zelaian jokatuko den partidari begira.

“Etxean irabazteko gogoa dugu, partida pare bat galdu ditugulako. Egia da kanpoan emaitza onak lortzen ari garela, baina etxean indartsuak izan gura dugu. Geldialdi bat duzunean sentsazio onekin joatea gustatzen zaizu eta gero Barçaren aurka jokatu behar dugu”, esan du Iturregik. Lehen hamar jardunaldietako balorazio baten inguruan galdetuta, teknikariak esan du: “Oso zorrotzak gara eta ez dut esango hasiera bikaina izan denik, beti egin baitaiteke partida hoberen bat. Errealistak bagara, uste dut hamar jardunaldi jokatu ondoren Athletic  Championseko postuetan egoteak nota altua ematen digula. Hala eta guztiz ere, taldeak oraindik hobetzeko tarte handia duela uste dugu”

“Ez da erraza Sporting irabaztea”

Aurkariari dagokionez, Iturregik Sporting Huelvaren bertsiorik onena espero du: “Ez dute hamar jardunalditan irabazi, baina ez da erraza eurak irabaztea. 3 gol sartu dituzte, baina 5 puntu lortu dituzte horiekin. Gauzak ondo egin beharko ditugu irabazteko. Beti izan da talde gogorra, batez ere bere etxean, eta inoiz berdinketaren bat lortu du Lezaman. Goian Fatou Kanteh edo Maira bezalako jokalari desorekatzaileak ditu, edozein jokalditan partida bat konpon dezaketenak “

Iraia Iturregik lehoiek jokoaren ekimena eramango dutela espero du: “Huelvak kontraerasoan min egingo digu. Markagailuan aurrea hartuz gero, atzean sartuko da. Gu lehenengo minututik atera behar gara partidan sartuta,  lehen golaren bila”