undefined

“Munduko talderik onena izango dugu aurrean”

“Munduko talderik onena izango dugu aurrean”

Iraia Iturregi, FC Barcelonaren aurkako lehiak duen zailtasunaz jabetuta, lehoiek bere “bertsiorik onena” ematea espero du, bihar emaitza positiboa lortzeko

Iraia Iturregik agerraldia egin du Barcelonaren eta Athleticen arteko partidaren atarian, Primera Iberdrolako 12. jardunaldiko neurketari dagokiona. Ligako eta Champions Leagueko txapeldunaren aurka, gainera ligako liderra dena, lehoientzako bisita oso zaila izango da. Entrenatzaile zuri-gorria baikor dago norgehiagokari begira: “Partida honek dakarren zailtasunaz jabetzen gara. Munduko talderik onenari egin behar diogu aurre, ez dut inoiz ikusi hain ondo dagoen talderik. Irabazteko probabilitatean jarri behar ditugu indarrak neurketa honetan, nahiz eta oso txikia izan. Baikor izan behar dugu”.

Entrenatzaile zuri-gorriak badaki bere taldeak bikaintasuna bilatu beharko duela Bartzelonan puntuak lortu ahal izateko: “Gure bertsiorik onenean egon behar dugu eta gauzak modu ezin hobean egiten zentratu, emaitza positiboa lortzeko. Helburua irabaztera joatea izango da eta gugan jarri behar dugu arreta. Partidan zehar ikusiko dugu helburuak aldatu behar ditugun ala ez, baina partida irabaztera joan behar gara”.

Deialdiari dagokionez, Monente, Erika eta Nekaneren bajekin, nahiz eta azken bi hauek errekuperazio-prozesuan ondo ibili, 18 jokalarik osatzen dute: A. De La Nava, Quiñones, Moraza, Garazi, Naroa, Valdezate, M. Unzué, Y. Corres, Oihane, Oguiza, Eunate, Istillart, Azkona, L. García, Itxaso, Arana, V. Gimbert eta Peke.