undefined

Partida aurrekoa: Getafe CF vs Athletic Club (LaLiga 16. J)

Partida aurrekoa: Getafe CF vs Athletic Club (LaLiga 16. J)

Gaur gauean Coliseum Alfonso Perezen jokatuko den partidaren xehetasun guztiak

Athletic Clubek Coliseum Alfonso Perez zelaia bisitatuko du LaLigako hamaseigarren jardunaldiari amaiera emateko. Gaur, 21:00etatik aurrera, Marcelino Garcia Toralen gizonek Getafe CFren aurka neurtuko dituzte indarrak denboraldiko bosgarren garaipena lortzeko asmoz, bigarrena etxetik kanpo. Lehoiek sari handiagoa merezi izan zuten hainbat partidaren ondoren, talde urdinaren aurka hiru puntuak lortzea garrantzi handikoa da sailkapenean gora egiteko.

Deialdia

Marcelinok 21 jokalari deitu ditu talde madrildarraren aurkako partidarako. Nabarmentzekoak dira Jokin Ezkieta eta Iñigo Martinezen itzulerak, azken honek, Granada CFren aurka txartel gorria ikusi eta gero partida bateko zigorra bete ondoren, berriro jokatzeko prest baitago. Villalibre, Vivian, Yuri eta Peru Nolaskoain baja dira lesioagatik. Nico Serrano eta Aitor Paredes, biak Bilbao Athletiticeko jokalariak eta pasa den jardunaldian lehen taldearekin bidaiatu zutenak, ez dira deialdian sartu.

Marcelino

Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko entrenatzaileak, gaur gauean Coliseum Alfonso Perez futbol zelaian lehoiek jokatuko duten partidaren aurretik, komunikabideen aurrean egindako agerraldia ikus dezakezu hemen.

Aurkaria

1946an sortua eta 1983an birsortutako taldea izango dute aurrez aurre zuri-gorriek. Getafe CF Espainiako futbolaren maila gorenean historia labur baina bizia duen taldea da. Urdinak 2003-04 denboraldian igo ziren lehen aldiz LaLigara eta hamazazpigarren denboraldia dute gorengo mailan. 2016-17 denboraldian Bigarren Mailan lehiatu zuen eta Madril hegoaldeko taldea Kopako txapeldunorde izan da bi aldiz. Gainera, Europarako hainbat sailkapen lortu ditu, azkena 2018-2019 denboraldian, bosgarren postuan geratu ondoren.

Getafe 19. postuan dago LaLigako sailkapenean eta jaitsiera postuetan dago, hamar punturekin, salbaziotik bi puntura. Michel Gonzalez aulkitik kendu ondoren, Quique Sanchez Floresek zuzentzen du taldea, 9. jardunalditik entrenatzaile gisa dagoena.

Azken bost norgehiagoketako batean bakarrik galdu dute madrildarrek LaLigan. Denboraldi honetako bi garaipenak bolada honetan lortu dituzte, biak euren zelaian.

Estatistikak

2004an LaLigan lehen aldiz jokatu zutenetik, Getafek eta Athleticek 32 partida jokatu dituzte maila gorenean, bi taldeen arteko balantze orekatuarekin: 11 garaipen, 12 berdinketa, 9 porrot.

Getafeko zelaian jokatutako partidei dagokienez, Athleticek hiru garaipen, zortzi berdinketa eta bost porrot erdietsi ditu Coliseum Alfonso Perezen.

Athleticek, etxetik kanpo, bi taldeen arteko azken bost norgehiagoketetan, bi berdinketa jarraian kateatu ditu. Guztira, lehoiek garaipen bat, hiru berdinketa eta porrot bat erdietsi dituzte.

Kontsultatu Getaferen aurkako estatistika osoak.

Athleticzaleak munduan zehar
Global-kick-off-times-LaLiga-MD16-Getafe-vs-Athletic-Club-06-12-2021

Zauden lekuan zaudela, jarraitu gure Athleticen partida!