undefined

“Tematu eta erakutsi behar dugu nor garen”

“Tematu eta erakutsi behar dugu nor garen”

Unai Simonek konfiantza osoa du azken neurketen boladari buelta emateko eta zaleei “ikusi nahi duten Athletic garela” erakusteko

“Ez dugu gol hori lortzen, baina talde honek duen gogoa ikusten da. Anbizioa du eta bere zaleei askoz gehiagorako gai dela erakusteko amorrua du. Pazientzia eskatzen ari gara egunero, eta zerbait astuna izan daiteke, baina gogo handia dugu gure zaleei erakusteko merezi duela talde hau animatzea eta babestea, gure zalegoaren beharra dugulako. Jendeari erakutsi nahi diogu nahi duten Athletic garela”. Unai Simonek argi hitz egin du Athleticen egoerari buruz taldekideen eta bere pentsamendua azaltzerako orduan, lehoiek Real Betisen aurka igande honetan (16:15ean) San Mamesen jokatuko duten norgehiagokaren aurreko prentsaurrekoan.

Atezain zuri-gorriak elkartuta egotearen eta amore ez ematearen garrantzia azpimarratu du: “Hemen denok elkarrekin gaude. Onerako eta txarrerako, denok batera goaz. Lan egitea eta tematzen jarraitzea da hobetzera eramango gaituena. Areara hurbiltzen eta arrisku jokaldia sortzen jarraitzen badugu, geratzen zaigun gauza bakarra gola sartzeko azken pauso hori da. Tematu beharra dago. Ziur golak sartuko direla. Bolada txarrari buelta emango diogu”.

Atezain zuri-gorriak, fisikoki eta mentalki “oso ondo” egonda eta LaLigako ‘Zamora’ garaikurra lortzeko lehian murgilduta, une gozoa bizi ari da arlo pertsonalean: “Titular gisa hasi ditudan hiru denboraldietatik denboraldirik onena da zenbakiei dagokienez. Baina, horretaz gain, dauzkadan sentsazioak dira garrantzitsuak niretzat. Eroso nago, ondo ulertzen dut entrenatzaileak planteatzen duen jokamoldea eta taldea oso kontzentratuta dago alde guztietan. Lanean eta hurrengo egunean pentsatzen jarraitu behar da. Beti izan dudan mentalitatea. Partida txarrak edo onak eginez mentalitatea beti berdina izan da: jarrera ona izatea eta %100ean egotea golik ez jasotzeko”.

Simonek, bere etorkizunaz galdetuta, Athletic Cluberi buruz sentitzen duen poza eta esker ona gehitu nahi izan ditu: “Athleticek hemen geratzea nahi badu, hemen geratuko naiz. Nire bizitza zor diot Athletici eta ahalik eta modurik onenean eskertu nahi diot, San Mameseko atea ahal dudan guztietan defendatuz”.