undefined

“Superkopa berriro altxatu nahi dugu”

“Superkopa berriro altxatu nahi dugu”

Iker Muniainek azpimarratu du taldearen “gogoa, ilusioa eta anbizioa plus bat izan daitezkeela finalean”

Iker Muniain Athleticeko kapitainak komunikabideak artatu ditu Real Madrilen aurkako Superkopako final handiaren aurreko azken lan saioa osatu aurretik. Txantreako erasotzailearen ustez, erronka handia izango da, baina baikorra da Athleticen aukerei dagokienez: “Real Madril garaitzea beti da lan zaila, lerro guztiek duten gaitasun erabakigarriagatik eta taldearen kalitateagatik. Dena dela, iaz lortu genuen titulu hau eskuratzea eta ez dugu aukera berri hau alferrik galdu nahi. Aspaldian ez gara Real Madrilen aurka neurtu final batean; beraz, biharko partidarako gogo handia dugu. Superkopa berriro altxatu nahi dugu“.

Erronka handia den arren, Muniainek lehoien indarguneak zeintzuk diren ohartarazi du: “Gogoz, ilusioz eta anbizioz hobeak izan gaitezke. Joan den abenduan ia jarraian jokatutako bi partidatan neurtu genituen indarrak eta bietan norgehiagokak bereganatzeko aukerak izan genituen. Neurketa bakar batera, edozer gerta daiteke“.

Halako egun handi baten aurrean, nafarrak ez ditu ahaztu nahi izan 7.000 kilometrora egon arren, Athletic Club animatzen duten zurigorri zaleak: “Bihar, jakina, egun garrantzitsua da, titulu bat egongo da jokoan, hitzordu handia da. Jokalarientzat, klubarentzat eta zaleentzat ilusioz beteriko eguna da. Badakit zale guztiak adi egongo direla jokatzen ari garen partidarekin. Kilometroak gorabehera, gertu sentitzen ditugu. Ahal dugun guztia egingo dugu gurekin harro egon daitezen“.