undefined

“Taldearen denboraldiko unerik onenean iritsi naiz”

“Taldearen denboraldiko unerik onenean iritsi naiz”

Yuri Berchiche, pubiseko lesioa sendatu ostean, Lezaman agertu da hedabideen aurrean: “Uste nuena baino hobeto bueltatu naiz”

Pubiseko lesiotik osatuta, eta Athleticek jokatutako azken lau partidetan protagonista izan ondoren, Yuri Berchiche hedabideen aurrean agertu da Lezaman. “Sentsazioak oso onak dira, uste baino hobeto nago. Bederatzi hilabete dira taldetik kanpo, eta inoiz ez dakizu nola erantzungo duzun. Barçaren aurka hasieratik aritu nintzen eta uste baino gehiago iraun nuen zelaian. Etorkizunari baikor begiratzen diot, itxura ona duelako”,  azaldu du hegaleko zuri-gorriak.

Yurik aurreko denboraldiaren amaieratik pubiseko minak eragin dion kalbarioa azaldu du: “Oso hilabete gogorrak izan dira, nire bizitzako zailenak. Jokalari bat kosta ahala kosta saiatzen da ebakuntza-gelatik ez pasatzen. Bide guztietatik saiatu ginen, beste batzuekin funtzionatu duen tratamendu kontserbadorearekin, baina nirekin ez da ondo joan. Puntu horretara iritsita, ebakuntza egitea erabaki genuen. Erabakirik onena izan zen. Orain ez diogu buelta gehiagorik eman behar. Horrela gertatu da, ez dago atzera egiterik. Berriz ere garrantzitsua izan nahi dut taldearentzat eta daukadan guztia eman”.


Zarauzko jokalaria Atleticoren aurkako Superkopako finalerdian agertu zen berriro berdegunean. Lehoiek finalerako txartela lortu zuten orduan, eta partida horretan ere azaldu zen Berchiche. Ondoren, Yuri Barçaren aurkako Kopako partidako hasierako beste bat izan zen San Mamesen, eta Rayo Vallecanoren aurkako garaipenean ere minutuak izan zituen: “Uste dut taldearen denboraldiko unerik onenean iritsi naizela. Oso ondo gaude, konfiantzaz beteta, bai entrenamenduetan, bai partidetan”.

Athleticen hurrengo konpromisoaz galdetuta, Real Madrilen aurkako Kopako final-laurdenetako kanporaketa, honako hau erantzun du Yurik: “Taldeak askoz gehiago merezi izan du Real Madrilen aurka aurten. Aurre egin diezaiekegu eta ziur nago kantxa faktoreak gure alde jokatuko duela. Zaleek indar handia ematen digute, eta bat bagara, Barçaren aurka bezala, Real Madril kanporatu ahal izango dugu.