
Rayo garaitu aste handi bat ixteko
Rayo garaitu aste handi bat ixteko
Lehoiek, asteazkenean gol-zaparrada batekin hurrengo Kopako kanporaketan sartu ondoren, bihar Rayo Vallecano mendean hartzea dute helburu
Lehoiek aste bikaina itxi dezakete bihar Lezaman Rayo Vallecano gainditzeko gai badira. Athletic Clubeko Youtubeko kanal ofizialak 12:00etatik aurrera eskainiko duen norgehiagokak hiru puntu berri biltzeko balio behar die zuri-gorriei, Ligako geldialdiaren ondoren. Hori bai, taldea inertziarik onenarekin iritsiko da asteazkenean Racingen aurka Erreginaren Kopan final-zortzirenetarako txartela lortu eta ligako aurreko jardunaldian Levante UD mendean hartuta. Horrela, Iturregirenek aste biribila amaitutzat emango lukete emaitza eta sentsazioei dagokienez.
Aurrean Rayo Vallecano izango da, atzo bertan Quejigo entrenatzailea kargutik kendu eta Carlos Santiso, aurreko bi kanpainetako entrenatzailea, bere ordez jarri dute. Talde madrildarraren egoera nahasia den arren, bloke solidarioa da, geldikako jokaldietan indartsua, eta Lezaman gola sartzea lortzen badu, zaila izango da markagailua iraultzea. Hain zuzen ere, azken aurrekariak (2020-2021 denboraldia) golik gabeko berdinketa erakusten du, non lehoiek aukerak jarri zituzten, baina benetako horma batekin egin zuten topo. Joaneko partidan 0-2 nagusitu zen Vallecasen, Naroa Uriartek eta Lucia Garciak sartutako golei esker. Rayo Vallecano Lezamara 5 punturekin azken postuan iritsiko da; bosgarren sailkatua den Athleticek, aldiz, ez dute zazpi puntura dagoen hirugarren postutik gehiegi urrundu nahi.
Athletic-Rayo emakumezkoen futbolaren klasiko bat da, eta zuri-gorrien hasierako ibilbidean, rayistak ziren aurkari indartsuenetako bat. Ligako 37. partida da, maila inoiz galdu ez duten bi klubek elkarren aurka jokatuko dutena (2002-2003 denboralditik). Athletic Clubek 9 garaipen, 5 berdinketa eta 3 porrot lortu ditu etxean. Vallecasekoek 2008-2009 denboraldian lortu zuten azkenekoz Lezaman irabaztea. Lehoiek ez dute euren etxean punturik utzi nahi eta 2022ko lehen garaipena bilatuko dute zale zuri-gorrien aurrean.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Rayo Vallecano


