undefined

Mauri hil da, Athleticeko jokalari mitikoa

Mauri hil da, Athleticeko jokalari mitikoa

50. hamarkadako jokalari historikoak 87 urterekin utzi gintuen atzo. Athleticeko jokalariek besoko beltza eraman eta minutu bateko isilunea egingo dute bere omenez igandean

Mauri Ugartemendia, Athletic Cluben historiako erdilari handienetako bat eta Real Madrilen aurka 1958ko Kopako final gogoangarria jokatu zuen taldeko kidea, hil egin da. Hamaika denboraldi eman zituen (1953/54-1963/64) talde zuri-gorrian, 295 partida jokatu eta 72 gol sartu zituelarik.

Ziur aski, Jose Maria Maguregirekin batera, historia zuri-gorriko zelai erdi ezagunenetako bat osatu zuen, zelaian oso ondo elkar ulertzen zirelarik. Bikoteak zazpi denboraldi egin zituen elkarrekin eta, jakina, lehen pertsonan bizi izan zituzten hamarkada horretako arrakastak, liga bat eta hiru kopa irabaziz.

Gernikarra bere indar fisiko eta nagusitasunagatik nabarmentzen zen (72 gol), eta zelai erdiko jokalaria izan arren, batzuentzat garai hartako seigarren aurrelaria zen. Bere golik gogoangarrienetako bat Madrilen j0katutako final ospetsuan sartu zuen, Ferdinand Daucik aulkian zela, Santiago Bernabeu estadioan Real Madrilen aurka jokatutako partidan, Arieta I.ak lehenengoa sartu eta hiru minutura, Artetxek hasitako jokaldia ate aurrean errematatu ondoren.

Mauriren heriotzarekin joan den mendeko 50. hamarkadako belaunaldi ospetsu hartako kideetako bat joan zaigu, zale zuri-gorriei hainbeste poztasun eta emozio eman zizkiena. Carmelo, Etura eta Uribe dira orain Athleticen hasierako hamaikako hartatik bizirik daudenak, baita Juan Antonio Lopez, ordezko atezaina ere.

Clubak doluminak helarazi nahi dizkie senideei eta hurbilekoei, eta jakinarazten du Athleticeko jokalariek besoko beltza eraman eta minutu bateko isilunea egingo dutela datorren igandean Realaren aurka San Mamesen jokatuko duten partidan. Hileta elizkizuna astelehenean izango da, otsailaren 21ean, 19:00etan Gernikako Santa Maria parrokian.

Goian bego, Mauricio Ugartemendia!