
Partida aurrekoa: FC Barcelona vs Athletic Club (LaLiga 26. J)
Partida aurrekoa: FC Barcelona vs Athletic Club (LaLiga 26. J)
Ezagutu gaur gaueko (21:00etan) kataluniarren eta bilbotarren arteko partidaren xehetasunak
Realaren aurkako derbian garaipen handia lortu ondoren, Athletic Clubek FC Barcelonari egingo dio bisita, Europako txapelketetara sailkatzeko lehian jarraitzeko asmoarekin. Inoiz mailaz jaitsi ez diren bi talderen arteko lehia izango da. Lehoiak zortzigarren postuan daude, 37 punturekin, gaurko aurkariarengandik bost puntutara, eta talde blaugranak LaLigako laugarren postua eskuratu du, 42 punturekin. Gaurko norgehiagoka garrantzitsua da aurten talde zuri-gorria erakusten ari den sentsazio onei jarraipena emateko, sailkapenean tartea murrizteko eta datorren astean Mestallan jokatuko den kopako finalerdiaren hitzordura ahalik eta ondoen iristeko. Bertan, Valencia CF izango du aurkari finalaurrekoaren itzulikoan.

Deialdia

Marcelinok 23 jokalari deitu ditu gaur gaueko neurketarako. Zerrendara itzuli dira Zarraga, azken jardunaldian zigorra bete ostean, eta Capa, COVID-19n positibotik sendatuta. Nico Williams deialdian sartu da, Real Madriden aurkako Kopako norgehiagokan min hartu eta 20 egun baino gehiago taldetik at izan ostean, gaur gaueko partidarako berreskuratu da. Bajei dagokienez, Alex Berenguerrek, txartelen pilaketaren ondorioz zigortuta, ezin izan du taldearekin bidaiatu.
Marcelino

Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko entrenatzaileak gaur gauean Barçaren aurka jokatu aurretik komunikabideen aurrean egindako agerraldia ikus dezakezu hemen.
Aurkaria

1899an sortua, Athletic Club baino urtebete geroago, gaur gaueko arerioak palmares zabala du: 26 Liga, 31 Kopa, 13 Superkopa eta 5 Europako Kopa.
Xavi Hernandezek zuzentzen duen taldea hasiera zalantzagarritik suspertu egin da LaLigako azken bost jardunaldietan, hiru garaipen eta bi berdinketa lortu dituelarik. Bolada on horren tartean, beste neurketa ikusgarri eta gogoangarri batean, lehoiek kataluniarrak Kopako final-zortzirenetan kanporatu zituzten, luzapenaean erabaki zen neurketa handian. Blaugranek Marcelinoren jokalarien aurka neurtuko dituzte indarrak, Europa Ligako final-zortzirenetako txartela lortu ostean, Napoli gaindituta. Gainera, talde blaugranak bi jokalari garrantzitsu berreskuratu ditu gaurko zitarako: Memphis Depay eta Clément Lenglet.

Estatistikak
LaLigan lehen aldiz jokatu zutenetik, 1928-29 denboraldian, FC Barcelonak eta Athletic Clubek 181 partida jokatu dituzte maila gorenean, eta balantze negatiboa izan dute zuri-gorriek: 60 aldiz irabazi dute, 31 berdindu eta 90 galdu.

Camp Noun jokatu diren partidei dagokienez, lehoiek 17 garaipen, 10 berdinketa eta 63 porrot dituzte 90 norgehiagokatan.

Bi taldeek Bartzelonan jokatutako azken bost neurketak erreparatzen baditugu, bilbotarrek berdinketa bat eta lau porrot lortu dituzte.

Kontsulta itzazu Barçaren aurkako estatistika guztiak.
Athleticzaleak munduan zehar
Zauden lekuan zaudela, ziurtatu gure Athleticen partida ez duzula galtzen.

Erlazionatutako partidak
FC Barcelona - Athletic Club


