undefined

“Zelai faktoreak ezberdintasuna markatu dezake”

“Zelai faktoreak ezberdintasuna markatu dezake”

Iraia Iturregik prest ikusten du bere taldea Sevilla FC etxean kanporatzeko Kopako final-zortzirenetan

Athletic Clubek Kopako final-laurdenetarako txartela du jokoan bihar, 21:00etatik aurrera Lezaman. Iraia Iturregi hedabideen aurrean agertu da partida garrantzitsu hau jokatu aurretik bere iritzia emateko.

“Etenaldia ondo etorri zaigu, bai maila fisikoan bai mentalean atseden hartzeko. Denbora gehiago izan dugu partida prestatzeko. Bi astez lehiatu gabe egotetik gatoz eta jokalariak maila mentalean ondo egotea espero dugu”, esan du entrenatzaileak.

Kanporaketako aurkariari dagokionez, loiutarrak esan duenez, “Sevilla oso talde bertikala da. Defentsan bizia eta oldarkorra da. Oso zaila da gol aukerak sortzea haien aurka. Joaneko partidaren adibidea dugu; neurketa parekatua, 0-0 amaitu zena, bi taldeak ondo aritu ginen defentsan, baina gehiago kostatu zitzaigun erasoan. Hobera egin dugu lehen itzuliarekin alderatuta, batez ere erasoan”.

“Garrantzitsua da jendea etortzea”

“Bihar final-laurdenetarako txartela jokatuko dugu partida bakar batean, jokalariak horren jakitun dira. Taldea prest dago, baina badaki neurketa zaila dela. Kanporaketa % 50ean dago. Garrantzitsua izango da atea hutsean mantentzea eta lehen minutuetan ondo irtetzea, baita bi areetan ondo aritzea ere”, adierazi du Iraiak.

Gainera, badaki aste garrantzitsua eta berezia dela Klubean. “Bi taldeak Ligan zein Kopan egiten ari garen denboraldiari esker, otsailaren amaieran gure helburuak betetzeko ilusioarekin jarraitzea ahalbidetzen digu. Eskertzen da Klubak autobusak jarri izana San Mamesetik Lezamara etortzeko. Jendea etortzera animatzen dut. Garrantzitsua da jendea etortzea, zelai-faktoreak ezberdintasuna markatu dezakelako”.