undefined

Bochini eta Zietz, 2022 One Club Man/Woman Awarden sarituak

Bochini eta Zietz, 2022 One Club Man/Woman Awarden sarituak

Independiente argentinarraren idolo handia eta 1. FCC Turbine Potsdamen alemaniarra omenduko dituzte San Mamesen

Athletic Clubek Ricardo Enrique Bochini argentinarrari eta Jennifer Zietz alemaniarrari 2022 One Club Man/Woman Award garaikurra emango die, elitean egindako kirol ibilbidean elastiko bakarra jantzi duten jokalari ohiei ematen zaien saria, alegia. Zaleak estadioetara itzultzeak garaikur hauek San Mamesen emateko ohitura berreskuratzea ahalbidetuko du.

Bochini (68 urte), Avellanedako Atletico Club Independienteren idolo nagusia, Argentinako futboleko ’10’ zenbakidun onena izan da Diego Armando Maradona eta Leo Messiren ondoren. Bi izar hauek ez bezala, ‘Bocha’-k Argentinako ‘deabru gorriekin’ bete zuen bere ibilbide osoa. Zazpi lorpenekin, Independiente Amerikako Libertadores Kopako garaikur gehien dituen kluba da.

San Mames bisitatu zuen 1985eko abuztuaren 20an, Bazkidearen Omenaldiaren partida zela eta. Independienteren aurkako partida hartan, golik gabe amaitu zena, Bochinik kalitatezko distirak utzi zituen, baina baita txartel bikoitzagatik kanporatua izan zen ere.

Bochini, pase egile bikaina, klubaren urrezko aroaren protagonista nagusia izan zen 70eko hamarkadan, eta munduko txapeldun geratu zen Argentinarekin 1986an. 1991n erretiroa hartu zuen 37 urterekin, 20 denboraldi jokatuta, 714 partida, 108 gol eta 200 gol-pase baino gehiagorekin. Zazpigarren One Club Man Award da, Hego Amerikako lehena. Aurretik, Matt Le Tissier, Paolo Maldini, Sepp Maier, Carles Puyol, Billy McNeill eta Ryan Giggs jokalari ohiek jaso dute.

Bestalde, Jennifer Zietz alemaniarrak (38 urte) 2022 One Club Woman saria jasoko du, klub bakar batean egindako ibilbide profesional bikaina aintzat hartuta. Hain zuzen ere, 1. FCC Turbine taldean, Berlinetik gertu dagoen Potsdam hiriko emakumezkoen futboleko talde historikoan. Sari honetarako hirugarren izendapena da, Malin Möstrom suediarraren eta Pia Wunderlich alemaniarraren ondoren.

Zietz, 332 partida eta 97 golekin, aipatutako taldean urte gehien eman dituen jokalaria izan da, 17 denboraldi guztira (1998-2015). Zietzek eta Turbinek kluben mailan irabazi beharreko guztia lortu dute: 2 Champions League, 6 Bundesliga eta 3 Kopa (Pokal), eta horrez gain, erdilari ohiak Eurokopa bat irabazi du Alemaniarekin (2009).