undefined

“Dena emango dugu geratzen zaizkgun partidetan”

“Dena emango dugu geratzen zaizkgun partidetan”

Iraia Iturregi “gogotsu” agertu da falta diren Primera Iberdrolako zortzi jardunaldiei begira

Athletic Clubeko entrenatzailea, Iraia Iturregi, komunikabideen aurrean agertu da taldea Madrilera abiatu baino lehen, bihar ligako 23. jardunaldia jokatzeko. Lehoiek Real Madriden aurka jokatuko dute Alfredo Di Stefano zelaian, eta hiru puntuak erdietsi nahiko dituzte sailkapeneko goiko postuak ez galtzeko. Aurkari zuzenen arteko norgehiagoka: “Erronka polita dugu. Real Madrid sasoi bikainean dago, hiru hilabete daramatza ligan galdu gabe eta oso ondo egon beharko gara irabazi ahal izateko. Denboraldi hasieran helburua ez zen Txapeldunen Ligan egotea, baina martxoan Real Madrid aurkari zuzena dela esan dezakegu. Orain ezin dugu amore eman. 8 jardunaldi geratzen dira taldeak anbizioa erakusteko, eta helburua betetzera joango gara”.

Kopan kanporatuak izan ondoren, lehoiek talde zuriaren aurka jokatuko dute, txapelketako talde onenetako bat arazoetan jartzeko ilusioarekin: “Erasorako duten erraztasunak ikusita, ondo defendatu beharko dugu: oldarkorrak izan, biziak eta aurrerantz estutuz. Baloia daukagunean, Sevillaren aurka lehen zatian emandako maila hobeto beharko dugu, eta, batez ere, golari begira fin ibili. Taldea hasieratik partidan ondo sartzea funtsezkoa izango da”.

Jokalariak eta Iraia Iturregik “gogotsu” ekingo diete Primera Iberdrolan geratzen diren neurketei, zortzi partida: “Borrokatzea besterik ez zaigu geratzen. Taldeak anbizioa erakusten du eta ez du amore emango. Oso bidegabea izango litzateke mundu guztiarentzat eta taldearen denboraldia hondatuko genuke. Jokalariek argi dute denboraldia ondo amaitu nahi dutela. Badakigu lanean jarraitu behar dela eta taldeak dena emango du geratzen zaizkigun norgehiagoketetan”.