undefined

SL Benficaren bisita Lezaman

SL Benficaren bisita Lezaman

Athletic Club eta Portugalgo taldea harrobiko prozesuetan eta bere errendimenduan ezagutzak eta esperientziak partekatzeko akordio baten oinarriak prestatzen ari dira

SL Benficak eta Athletic Clubek ezagutzak eta esperientziak trukatzeko lankidetza-hitzarmena prestatu dute harrobiko prozesuak eta oinarrizko futbolaren errendimendua hobetzeko.

Bi erakundeen arteko lankidetza-ildoek metodologia, jokalarien erakartzea, hitzartutako klubak edo errendimendu-analisia jorratuko dituzte, besteak beste, eta, horretarako, bi kluben arteko lan bilerak, ikerketak, kongresuak edo mintegiak eta bisitak aurreikusten dira.

Portugalgo espedizioa atzo iritsi zen Bilbora, eta bertan San Mames eta bere Museoa bisitatu zituzten. Ondoren, Andoni Ayarza Athletic Clubeko Kirol Arloko Zuzendariaren ondokoak zuzendutako mahai-inguru batean parte hartu zuten. Arratsaldean bertatik bertara ezagutu zituzten Lezamako instalazioak, eta klubeko Metodologia Arduradun Andoni Bombinek ere harrera egin zien.

Gaur, asteartea, Lezamako Analisi Saileko arduradunekin bildu dira, gizonezkoen lehen taldearen entrenamendua bertatik bertara ikusi baino lehen.

Benficaren aldetik, espedizioa honako hauek osatzen dute: Nuno Mauriciok (Benficako Errendimenduaren Analisiaren arduraduna), Renato Jesusek (Giza Baliabideak), João Copetok, (Informazio Teknologien Sistemen zuzendaria), David Sousak (Kirol Datuen Zientifikoa) eta Rui Passok (Berrikuntza eta Teknologiako lehendakariordea).

Athletic bezala, Benfica ere bere bazkideek sostengatutako kluba da, kirol proiektu oso lehiakorrak dituena, eta Europa mailan erreferentzia da talentua erakartzerako orduan.