undefined

Athletic Clubek bat egin du 22. Korrikarekin

Athletic Clubek bat egin du 22. Korrikarekin

San Mames izango da kilometro zuri-gorriaren abiapuntua datorren asteazkenean, apirilaren 6an, gaueko 23:19an

Aitor Elizegi, Jose Angel Iribar, Eli Ibarra eta Igor Arenaza, Athletic Club eta Fundazioaren ordezkari gisa, 22. Korrikaren aurkezpenean izan dira ostegun honetan, martxoaren 24an, Bilbon, BBK Aretoan. Aurten ere, Athletic Clubek eta Fundazioak bat egin dute euskararen aldeko ekimenarekin eta herri lasterketa ospetsuaren 1639. kilometroa zuri-gorriz tindatuko dute. Hain zuzen ere, Athleticen kilometroaren abiapuntua San Mames izango da, zabalgune berean, eta lasterketa puntu horretatik igaroko da apirilaren 6an, asteazkena, 23:19an.

Halaber, athleticzaleak 22. Korrikan parte hartzera animatzeko bideo berezi bat egin dute Athletic Clubek eta Fundazioak. Bertan, Jose Angel Iribar, Aitor Elizegi, Eli Ibarra, Iraia Iturregi, Dani Vivian, Garazi Murua eta Athletic Genuineko ordezkaria den Javi Nuñez agertzen dira “Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!” oihukatuz eta lekukoa Ibaigane, Lezama eta San Mamesera eroanez.