undefined

“Ekimena eramateko moduko taldea dugu”

“Ekimena eramateko moduko taldea dugu”

Iraia Iturregik uste du bere taldeak partidaren pisua eraman dezakeela Lehen Mailara egokitzen jakin duen Villarreal CF-ren aurka,

Arratsaldean bertan, taldeak Valentziara bidaiatuko du eta Iraia Iturregi hedabideen aurrean agertu da eguerdian Lezaman, bihar Vila-realen aurka jokatu aurreko azken entrenamendua egin aurretik. Mini Estadik lehen aldiz hartuko du horien eta zurigorrien arteko norgehiagoka 17:00etatik aurrera. Loiukoak bajak baieztatu ditu (Naroa, Istillart, Monente, eta Unzue) eta taldea txapelketan zehar “behetik gora” egin duen aurkari bati irabazteko gai ikusten du.

Vila-real 12. doa sailkapenean eta jaitsiera postuetatik zazpi puntura ihes egin du. Lezaman 2-1 nagusitu ziren lehoiak. “Ez da lehen itzuliko taldea. Batez ere sendotasunari dagokionez hobetu da. Erasoan askoz hobeto ari dira eta emaitzetan islatu da. Azken postuan egotetik mailari eusteko borrokan egotera pasa dira, baina puntu gehiagorekin eta sentsazio onekin. Adimentsuak eta pazienteak izan dira taldea mailara egokitzeko garaian. Zalantzak izan arren, egiten zutenarekin sinesten jarraitu dute”, ohartarazi du Iraiak.

“Helburua geratzen diren seiak irabaztea da”

Partidari dagokionez, entrenatzaileak bere taldeak jokoaren pisua eraman behar duela uste du. “Uste dut jokoaren ekimena eraman behar dugula. Madrid CFF-ren aurkako partidan, baloia izan arren, ez genuen aukerarik sortu eta horretan eragin dugu aste honetan. Ekimena eramateko gai izan behar dugula uste dut. Ez zait gustatzen nire taldeak aurreikusteko modukoak izatea, aurkariak zer egingo dugun jakin ez dezan”.

Villlarreal CFren aurkako 25. jardunaldiak irekiko du denboraldiaren azken txanpa eta Iturregiren ustez “helburua geratzen diren sei partidak irabaztea da. Epe laburreko helburua hurrengo neurketa da beti. Aste honetan entrenamenduetan Vila-real bakarrik aipatu da. Liga hau azken urteetako estuenetakoa izaten ari da”