undefined

AC Museoak “Erresuma Batuko 37ko haurrak” erakusketa prestatu du

AC Museoak “Erresuma Batuko 37ko haurrak” erakusketa prestatu du

Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat eginez, Athletic Clubek futbolaren elitean lehiatzera iritsi ziren euskal errefuxiatu gazteen bizitzan eta garaian sakontzen duen erakusketa estreinatu du

AC Museoak datorren apirilaren 27an inauguratuko du “Erresuma Batuko 37ko haurrak” erakusketa berria, Gerra Zibilean Erresuma Batura ebakuatu zituzten milaka haurren historian oinarritzen dena. Haur horiek, kasu batzuetan, futbolaren elitean lehiatzera iritsi ziren eta Athletic Cluben debuta egitea ere lortu zuten. Aldi baterako erakusketa museoko erabilera anitzeko aretoan egongo da ikusgai, eta gerora futbolari profesional bihurtuko ziren euskal errefuxiatu gazteen istorio apartetan sakontzen du, Emilio Aldekoa edo Raimundo Lezama San Mameseko lehoi historikoen kasuan bezala.

Erakusketa AC Museoaren eta BCA ’37 UK eta BCA’ 37 Euskadi (1937ko Erresuma Batuko eta Euskadiko Euskal Haurren Elkartea Erresuma Batuan) elkarteen arteko lankidetzaren emaitza da. Elkarte horiek 1937an erbesteratutako adingabe horien memoriaren alde lan egiten dute.

Erakusketa, gainera, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat dator. Bonbardaketa 1937ko apirilaren 26an izan zen, eta herria bera zein Bizkaiko beste herri batzuk erabat suntsitu zituen. Lurraldeko gerrak milaka familia behartu zituen txikienentzako babesa bilatzera, eta horietako askok Erresuma Batuan errefuxiatuta amaituko zuten. Hain zuzen ere, Gernikako sarraskia gertatu eta hilabetera Southampton portuan lur hartu zuten batzuek, eta horietatik eliteko futbolean ibilbide bat egitea lortu zuten gazteengan zentratzen da “37ko haurrak Erresuma Batuan”, laster AC Museoan bisitatu ahal izango dena.

Aldi baterako erakusketa honek azken aldian AC Museoak dinamizatutako beste erakusketa batzuen lekukoa hartuko du, hala nola, “San Mameseko markagailuak 100 urte”, “Betetako ametsak” (Athleticek lortutako Kopei buruzkoa) edo “Eurokopako selekzio txapeldunak”.

Gernika, Habana ontzia eta errefuxiatuak

Gernikak 1937ko apirilaren 26an jasan zuen biztanleriaren kontrako historiako lehen bonbardaketa intentsiboa. Francoren onespenarekin, Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aire Armada Legionarioak gutxienez hiru orduz jaurti zituzten bonbak Bizkaiko hiribilduaren gainean. Gernikak ez zuen helburu militar esanguratsurik, eta Europan zibilei egindako lehen eraso gupidagabea izan zen.

Hurrengo hilabeteetan, Gernikan, Durangok edo Otxandion bizi izandako izugarrikeriek izututa, milaka familiek Euskaditik urrun seme-alabentzako babesa bilatzea erabaki zuten. Horietako asko, 4.000 inguru, 1937ko maiatzaren 23an lurreratu ziren 1.200 kilometroko distantziara, Southamptonen (Erresuma Batua), Bizkaiko Golkoa eta Mantxako kanala Habana ontzian zeharkatu ondoren. Itsasontzia dibertsio gune izatetik 20.000 euskal haur baino gehiagorentzako bizitzak salbatu zituen ontzi izatera igaro zen. Izan ere, Southamptonerako ebakuazioari La Pallice (Arroxela, Frantzia) eta Pauillac (Frantzia) gehitu zitzaizkion.

Hilaren amaieran AC Museoak inauguratuko duen erakusketa, “37ko haurrak Erresuma Batuan”, britainiar lurretara ebakuatutako ume horien historian oinarritzen da. Southamptonera iritsi ondoren, Eastleigheko Stoneham Campera eraman zituzten, portu-hiriaren kanpoaldean. Han, euskal gazte gehienei harrera egiteko bereziki prestatutako kolonietan birkokatu zain egon ziren. Haurren mantenua britainiar boluntarioen taldeek egin zuten.

Haur horietako askok kontsolamendua aurkitu zuten britainiar errege kirolean, futbolean, izan ere, diziplinan erreferenteak ziren hiri askotan, Southampton beran, Newcastleen edo Cardiffen kasu, gerrako errefuxiatu hauen talentuaren lekuko izan ziren.

Bereziki aipagarria da Galesko Basque Boys AFC Habana baporean bidaiatu zuten gazte horietako batzuek osatutako futbol taldea. Jokalari hauen jokoak harrituta utzi zituen Galesko futbolzaleak 1937 eta 1939 urteen bitartean. Beste dozena bat Britainia Handiko talde amateurretan jokatzera pasa ziren, eta batzuentzat kirol hori beren ogibide ere bihurtu zen, bai Ingalaterran, bai gerra amaitzean Euskadira aberriratu ondoren, Raimundo Lezama edo Emilio Aldekoa Athleticeko jokalariak kasu.

Datozen asteetan, erakusketaren inaugurazioa hurbildu ahala, maila gorenean lehiatzera iritsi ziren eta garai hartako errefuxiatuak izan ziren euskal futbolarien bizitzan eta garaian sakonduko duten erreportajeak argitaratuko ditugu.