undefined

Athletic Clubek Ukrainako gerrako errefuxiatu adingabeei laguntza eskaini die

Athletic Clubek Ukrainako gerrako errefuxiatu adingabeei laguntza eskaini die

Kluba, Fundazioaren bidez, Bizkaira iritsitako haurrei zuzendutako gizarte, kultura eta kirol-ekimen batzuekin konprometitu da

Athletic Clubek, Fundazioaren bitartez eta Kirol Arloaren eta Haurrak Babesteko Arloaren (Aterpe Programa) parte-hartzearekin, egitasmo bat jarri du martxan azken asteetan Ukrainan izandako gerraren ondorioz Bizkaira iritsitako errefuxiatu adingabeentzat.

Eskolatze-prozesuarekin batera, Athletic Club Fundazioak jarduera batzuk ezarri ditu aisialdi parte-hartzailea ziurtatzeko. Kolektibo horri zuzendutako kirol eta kultur jarduerak abiatu ditu; besteak beste, Ereagako hondartzara txangoa, San Mameseko partidetara eta Athletic Club Museora gonbidatzea (lehenengoa Elxen aurka izan zen) edota Lezamako Campusean doan sartzea. Era berean, haur horiek hainbat kirol-taldetan (futbola, saskibaloia, boleibola, karatea) eta kultura-programetan murgiltzeko prozesuaz ziurtatuko da.

Bestalde, Athletic Clubek, ECAk (European Club Association) eskatuta, hainbat futbolari jasoko ditu Lezaman duen egoitzan. Danylo, Dnipro -1 taldeko kadetea, bere adineko jokalariekin entrenatuko da. Jokalariak bere jatorrizko klubari lotuta jarraituko du ondorio guztietarako.

Kirola eta kultura abiapuntu gisa, haien eguneroko bizitza, bizi-baldintza, egoera psikoemozionala eta inklusio-prozesua hobetzea da egitasmo honen helburua. Programa hau garatzeko, Athletic Club Fundazioak hirugarren erakunde batzuk inplikatu ditu; hala nola hitzartutako futbol taldeak, Bilbao Basket Fundazioa, Bilboko Abesbatza edo Metro Bilbao.

Lurraldean martxan dituen programa ugarien bidez, Athletic Club Fundazioak urteak daramatza Bizkaian kalteberatasun-egoeran dauden adingabeekin lanean eta, gizarte-larrialdi kasuetan, erakundeen esku hartzea betebehartzat jotzen du.