undefined

Sophie Istillartek futbola utziko du

Sophie Istillartek futbola utziko du

Iparraldeko erdilariak erretiroa hartuko du denboraldia amaitzean, azken bi kanpainetan zurigorri kamiseta defendatu ondoren

Sophie Istillart Athleticeko jokalariak futbola uztea erabaki du denboraldi honen amaieran. Iparraldeko 26 urteko jokalariak eskuin belauna osatzeko prozesuan dagoela hartu du erabakia. Istillartek belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen urtarrilaren 16an Buñolen, Levanteren aurka. Errehabilitazioa, martxoaren 2an ebakuntza izan ondoren, arazorik gabe doa. Sophie hedabideen aurrean agertuko da Lezaman, zelaietatik behin betiko aldentzera bultzatu duten arrazoiak azaltzeko.

Sophie Istillart 2020ko udan iritsi zen Lezamara Bordeleko Girondins taldetik eta Angel Villacamparen eskutik egin zuen debuta 2020ko urriaren 7an EDF Logroñoren aurka Las Gaunasen jokatutako Erreginaren Kopako finalerdian (pandemiaren ondorioz pasa den denboraldian bertan behera geratu zena).

Baionako erdilaria, Iparraldeko lehen emakumea bihurtu zen zuri-gorri elastikoa defendatzen. Hendaian hezi zen eta Irungo Mariñon, Lebennen eta Blanqueforten jokatu zuen 2015ean Frantziako Lehen Mailara jauzi egin aurretik Bordeleko Girondins taldearekin. Bertan bost denboraldi egin zituen (2015-2020) eta kapitain izatea lortu zuen. Zelai erdian sendo eta beti solidario, Istillartek bere kirol ibilbideari amaiera ematea erabaki du.

Athletic Clubek eskerrak eman dizkio Istillarti bere inplikazioagatik eta konpromisoagatik, eta zorterik handiena opa dio bere hurrengo proiektu pertsonal eta profesionaletan.

Eskerrik asko Sophie! Merci pour tout!