undefined

“Athletic nire bizitzako giza eta kirol esperientziarik onena izan da”

“Athletic nire bizitzako giza eta kirol esperientziarik onena izan da”

Iparraldeko jokalariak hunkituta azaldu ditu denboraldi amaieran futbola uzteko erabakiaren arrazoiak: “Ziklo bukaera da niretzat, momentua dela sentitzen dut”

Sophie Istillart hedabideen aurrean agertu da Lezaman, denboraldi amaieran futbola utziko duela iragarri ostean. Bere taldeko kide guztiek, Aitor Elizegi presidenteak eta Joseba Agirre kirol zuzendariak lagunduta, Iparraldeko jokalariak botak zintzilikatzeko arrazoiak azaldu ditu.

“Oso egun berezia da niretzat. Futbola uztea izan da, zalantzarik gabe, nire bizitzako erabakirik zailena”, hasi da Istillart. “Erabaki pertsonala izan da, ez hemen zuekin pozik ez nengoelako, baizik eta niretzat ziklo amaiera dela uste dudalako. Asko hausnartutako erabakia izan da, lesioaren aurretik pentsatzen hasi nintzena. Belauneko lotailuaren haustura seinale bat izan da: momentua iritsi da”, azaldu du jokalariak.

“Denbora asko daramat etxetik kanpo eta uste dut garaia dela itzultzeko eta nire inguruengandik gertu egoteko. Pena ematen dit horrela alde egiteak, baina horrelakoa da bizitza eta beste ziklo bat hasi behar dut”, zehaztu du Istillartek.

Sophie duela bi urte iritsi zen Lezamara, Bordeleko Girondins taldetik: “Bi denboraldi zoragarri izan dira hemen, nire bizitzako kirol eta giza esperientziarik onenak bizi izan ditut. Zuek guztiak izugarriak zarete eta oso zoriontsu egin nauzue. Athleticek nigatik egin duen guztiaren jakitun naiz, eta izugarri eskertuta nago. Ohorea da Klub honen ezkutua eta balioak defendatu izana, nire balioak ere badirelako”.

“Nire pasioaren alde dena eman dut eta gaur nire kirol ibilbidea osatu dudala sentitzen dut, jokalari profesional bihurtzeko ametsa egia bihurtu dut eta Athleticen jokatzeko ohorea izan dut. Gaurtik aurrera, beti izango naiz zuen lehen jarraitzailea”, laburbildu du erdilariak.

Sophie Istillart Klubari lotuta jarraituko du Iparraldeko jokalariak erakarri eta teknifikatzen.